Europako Batzordeak ohartarazpena egin dio Aliexpress merkataritza elektronikoko erraldoiari: zer saltzen duen kontrolatzen ez badu, isuna jarriko dio. Izan ere, Bruselak iritzi dio Txinako konpainia horrek legez kanpoko produktuak saltzen dituela bere plataformaren bidez, hala nola botikak eta elikadura produktu osagarriak, eta egotzi dio ez duela neurririk hartu halakoen salmenta eragozteko. Alegia, zerbitzu digitalen legea urratzea leporatu dio.
Bruselak joan den urteko martxoan abiatu zuen plataformaren aurkako ikerketa; ondorioztatu du konpainiak «baliabide gutxi» dituela legez kanpoko produktuen salmentak atzemateko, eta horrek dakarren arriskua gutxiestea egotzi dio. Izan ere, adierazi du gaur egungo sistemak «akatsak» dituela, eta horrek aukera ematen diela «asmo txarreko saltzaileei manipulatzeko». Halaber, produktu horiek iragartzen edo saltzen dituzten norbanako edo enpresen aurkako zigorrak behar bezala ez jartzea ere leporatu dio.
Batzordeak oraingoz ez dio zigorrik jarri, baina mehatxu egin dio isuna jarriko diola adierazitako hutsak konpondu ezean. Isun hori mundu osoan fakturatzen duen guztiaren %6rainokoa izan daiteke. Enpresak berehala erantzun du, eta ziurtatu du akatsak konponduko dituela. Esan du ikuskaritza areagotuko duela eta, besteak beste, gardentasun handiagoa eskatuko duela iragarkietan eta gomendioetan.
Aliexpressen promesak
Zehazki, konpainiak adierazi du «lotura ezkutuen» bidez saltzen diren salgaiak zainduko dituela; izan ere, hainbat norbanakok eta enpresak horrela saltzen dituzte «legez kanpoko eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen produktuak», sistemari izkin egiten baitiote hala. Influencer-en aurkako isunak areagotuko dituela ere hitzeman du.
Konpromiso horiek hitzezkoak dira oraingoz, Bruselarekin adostutakoak. Baina Alibabak, plataformaren jabeak, derrigorrez bete beharko ditu, ikerketaren ebazpenak hala jasotzen baitu. Izan ere, plataforma digital handiek arau zorrotzagoak dituzte beste batzuekin alderatuta, eragin dezaketen kaltea ere handiagoa delako. Horregatik, arau-hauste zantzuak daudenean, enpresak erakutsi behar du ez dela horrela, eta legeak esaten duenera egokitzeko konpromisoa hartu behar du, isunik nahi ez badu.