Bruselak langabezia sistementzako funts komun bat sortzea proposatu du

Europako Batzordeak 100.000 milioi euroko aseguru bat sortu nahi du, aldi baterako lan erregulazioak eta gisakoak finantzatzeko. Estatu kideei «elkartasuna» eskatu die.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea. STEPHANIE LECOCQ (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 1a
16:56
Entzun

Batasuna sendotzeko beste aukera bat du Europak. Eurobonuen egitasmoaren porrotak agerian utzi zuen beste behin iparraldeko estatuek hegoaldekoekin izan ohi duten mesfidantza. Orain, Europako Batzordeak beste proposamen bat jarri du mahai gainean: 100.000 milioi euroko langabezia aseguru komun bat sortzea.

Egitasmoak Sure du izena, eta helburua da funts bat sortzea COVID-19aren harira estatuek martxan jarri edo baliatu dituzten langabezia sistemak finantzatzeko —Hego Euskal Herrian, adibidez, aldi baterako enplegua erregulatzeko dosierrak ordaintzeko—, estatu kide guztien artean.

Brusela aspalditik ari zen halako proposamen bat lantzen, baina egungo krisiak lanak azkartu ditu. Baliteke batzordeak bihar onartzea proposamena, Eurotaldeak datorren astearteko bileran eztabaidatu dezan. Hala berretsi du Ursula von der Leyen presidenteak, bideo batean. «Estatu kide guztiek bermatu behar dute egitasmoa. Hori litzateke benetako elkartasuna. Italiarentzat, Espainiarentzat eta beste batzuentzat da (neurria), baina baita Europaren etorkizunerako ere».

Horrela, Bruselak eztabaida fokutik atera nahi ditu eurobonuak, baina Europako hegoaldeko herrialdeei keinu bat eginda. Iparraldeko agintari batzuk, gainera, Frantziak, Espainiak eta Italiak egindako eskaerei nolabait erantzuteko beharra ikusten hasiak dira, krisiak merkatu komunaren zimenduak dardarka jar ez ditzan.

Gakoa, beste behin, finantzaketan egongo da. Von der Leyenek ez du azaldu nola konponduko duten hori, baina egitasmoak eskatuko luke, adibidez, EBko herrialdeek bermeak ematea Batzordeak 100.000 milioi eurorainoko zorra jaulki ahal izateko, edo EBko aurrekontuko gastu muga arintzeko. Diru horrekin finantzatuko lirateke lan erregulazioak edo estatuek sor ditzaketen beste formula batzuk. Funtsean, Europako Batasunak aseguratzaile gisa jokatuko luke.

Elkartasuna eta batasuna

Proposamenaren xehetasun teknikoak doitu behar dituzte oraindik, Europan langabezia modalitate ezberdinak baitaude. Egungoa bezalako egoera bati aurre egiteko, Batzordeak adibide gisa jarri ditu Alemaniako Kurzarbeitgeld sistema, Italiako Cassa Integrazione edo Espainiako aldi baterako lan erregulazioak.

Enpresak bizirik mantentzea da helburua, Von der Leyenek azaldu duenez, diru horren bidez, enpresei diru laguntza publikoak ematea ahalbidetuko litzateke, beren langileen soldatak ordaintzen jarraitzeko, nahiz eta beren jarduera krisiaren ondorioz murriztu. «Lanpostuan mantentzeko, denbora librean, prestakuntza ikastaroak egin ahal izango lituzkete langileek. Era berean, soldatak kobratzen jarraituko luketenez, alokairua ordaintzen edo erosketak egingo lituzkete, eta horrek eragin positiboa izango luke ekonomian». Batzordeko presidenteak gaineratu duenez, proposamenak lan kontratu mota guztietako langileei eragingo lieke, langile autonomoak barne.

Batzordeko presidenteaz gain, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak ere babestu du egitasmoa. «Europako ekonomia bultzatzeko, eskura ditugun palanka guztiak erabili beharko ditugu, nazio eta Europa mailan» esan du, Batzordeko buruekin, Europako Banku Zentralekoekin eta euroguneko finantza ministroen taldearekin egindako bideo konferentzia baten ostean.

«Europak osasun, gizarte eta ekonomia krisi bateratu honetatik atera behar du, edo azkenean guztiontzat kaltegarria izango den aldi zailago batean sartuko gara. Beraz, elkartasuna da erdigunean jarri behar dugun hitza», azpimarratu du Michelek.

Luca Visentini Europako Sindikatuen Konfederazioko buruak ere defendatu du proposamena. «Espero dugu Batzordeak finantzaketa nahikoa bermatzea, zor tresna komun egokien bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.