Atzera egiten ez badu, zigorra jarriko diote. Bruselak ohar argi hori bidali dio Metari. Ikerketa abiatu eta bi hilabete eskasera, Europako Batzordeak behin-behinean ondorioztatu du litekeena dela AEBetako konpainia teknologiko hori merkatuan duen «nagusitasunaz abusatzen» ari dela, Whatsapp mezularitza aplikazioan berea ez den adimen artifizialeko (AA) beste tresna batzuk erabiltzea eragotzi duelako. Hala, Mark Zuckerbergen taldeari ohartarazi dio neurri prebentiboak ezartzeko asmoa duela, «merkatuan kalte larriak eta atzeraezinak» eragin ez ditzan.
Ezohikoa da Batzordeak hain denbora gutxian halako ikerketa bat amaitu aurretik halako abisu bat ematea. Merkatu Digitalen Araudi berria (MDA) baliatu du horretarako; horrek aukera ematen dio Europako Batzordeari behin-behineko neurriak aplikatzeko ikerketa amaitu aurretik, baldin eta arau hauste baten lehen zantzuak antzematen baditu. Iragan hurbilean, lehiaren aurkako araudiak ez zuen horretarako aukerarik ematen, espedienteak urte luzez luzatzen ziren, eta zigorrak iristen zirenerako, askotan, merkatuaren egitura bera aldatua zegoen.
Baina zer da zehazki Batzordeak zigortzeko asmoa duena? 2025eko urriaren 15ean, Meta taldeak Whatsapp Business Solution zerbitzuaren erabilera baldintzak eguneratu zituen; praktikan, horren bitartez galarazi egin zuen mezu aplikazio horretan beste enpresa batzuen adimen artifizialeko laguntzaileak erabiltzea. Alegia, Whatsappen erabil daitekeen laguntzaile bakarra Metaren tresna propioa da, Meta AI, eta gainerako konpainiak, berriz, ezin dira aplikazioan sartu.
Batzordeko teknikarien arabera, Whatsapp «sarbide garrantzitsu bat da erabilera orokorreko AA laguntzaileak kontsumitzaileengana iristeko». Horrenbestez, betoak sarrera oztopo nabarmen bat sortzen duela uste dute, eta lehiakideak adimen artifizialeko laguntzaileen merkatuan hedatzea eragozten duela. Egoera horrek, Batzordearen esanetan, kalte larriak eta konponezinak eragin ditzake lehiarentzat, eta horrek justifikatzen du neurriak berehala hartzeko premia.
Trumpen «mehatxuei» erantzuna
Bruselak AEBetako erraldoi teknologikoari ohartarazi dio neuri prebentiboak ezartzea aztertzen ari dela —ez du zehaztu zein— ikerketa amaitu bitartean. Tarte horretan, Facebook, Instagram eta Whatsappen jabe den konpainiak aukera izango du alegazioak aurkezteko.
Azkenean Batzordeak Metaren aurkako neurri prebentiboak ezarriko balitu, horiek eragina izango lukete Europako Batasuneko herrialde guztietan eta EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkarteko hiruretan (Norvegia, Islandia eta Lichtenstein). Joan den urtearen amaieran, Italiak aurrea hartu zion Bruselari, eta Whatsappeko AA zerbitzuan lehiakideak sartzera behartu zuen Meta.
%10Â
Isunaren neurria. EBko monopolioaren aurkako araudia ez betetzeagatiko isunak urteko diru sarrera globalen %10 adinakoak izan daitezke, baina oso gutxitan iristen dira kopuru horretara, batez ere ustezko irregulartasunak laburrak badira.
Europako Batzordeak testuinguru jakin batean bidali du bere oharra. AEBek mehatxu egin dute EBri muga zergak igotzeko baldin eta enpresa teknologikoen jarduna arautzen jarraitzen badu. Etxe Zuriak behin baino gehiagotan kritikatu ditu neurri horiek, AEBetako konpainiei berariaz ezarritako zerga ezkutu bat direlakoan eta adierazpen askatasunaren aurkakoak direlakoan. Meta eta Silicon Valleyko beste enpresa teknologikoak daude Bruselaren presio horren atzean, eta hain justu talde horiek dirutza jarri dute Donald Trumpen hainbat proiektutan.
Teresa Ribera Lehia komisarioak, ordea, ukatu egin du Metari buruz abian duen ikerketak motibazio politikorik duela, eta azpimarratu du «merkatuek egoki funtzionatzea eta kontsumitzaileak babestea» dela helburua.
Metak, bestalde, defendatu du ez dagoela arrazoirik EBk Whatsapp Businessen APIan esku hartzeko. Enpresaren bozeramaile batek adierazi du adimen artifizialeko aplikazioetara sarbidea izateko eta horiek erabiltzeko beste kanal asko daudela, eta Batzordea oker dagoela pentsatuta Whatsapp funtsezko banaketa bidea dela halako tresnentzat.
Urtarrilaren 26an, Bruselak mezularitza zerbitzu hori «lineako plataforma oso handien zerrendan» sartu zuen, merkatu digitalen araudi berrian oinarrituta. Europan 45 milioi erabiltzaile baino gehiago dituzten zerbitzuak sartzen dira hor, eta plataforma horiek kontrol eta betebehar zorrotzagoak behar dituzte, bereziki edukiaren kudeaketan eta gardentasunean.