Europako Batzordeak jakinarazi du Metaren aurkako ikerketa bat hasi duela, Whatsapp mezularitza zerbitzu elektronikoan adimen artifizialeko zerbitzua txertatu duela eta. Mark Zuckerbergen enpresak monopolioen aurkako araudia hautsi ote duen argitu nahi dute ikerketa horren bidez. Monopolioaren aurkako Italiako erakundeak lehendik ere ari ziren Meta ikertzen, adimen artifizialeko zerbitzuak erabiltzaileen baimenik gabe emateagatik.
Kontuan hartzekoa da ikerketa orain abiatu izana, noiz-eta Donald Trumpen gobernua Europako Batasuna oso estu hartzen ari den honetan eskuak libre utz diezazkien AEBetako enpresa teknologikoei. Hain zuzen, Washingtonek ohartarazi du balitekeela EBri muga zergak igotzea baldin eta Bruselak enpresa teknologikoen jarduna arautzen jarraitzen badu. Meta eta Silicon Valleyko beste enpresa teknologikoak daude presio horren atzean, eta dirutza jarri dute Trumpen proiektuetan, AEBetako presidentearen arreta erakartzeko.Â
Whatsapp da EBn gehien erabiltzen den mezularitza elektronikoko aplikazioa, eta martxoan hasi zen adimen artifizialeko zerbitzua eskaintzen. Aurretik egin nahi zuen Metak, baina atzeratu egin zuen abiatzea, argudiatuta EBren araudia konplexua zela.Â
Teresa Ribera Europako Batzordeko Lehia komisarioak agiri baten bitartez azaldu duenez, baliteke Metak bere adimen artifizialeko zerbitzua txertatzearen ondorioz lehiakide batzuek modurik ez izatea bezeroekin Whatsapp bitartez harremanetan jartzeko. Izan ere, urrian Metak iragarri zuen aurrerantzean adimen artifizialaren arloko enpresek ezingo zutela Whatsapp Business Solution tresna erabili bezeroekin hitz egiteko baldin eta eskaintzen duten zerbitzu nagusia adimen artifiziala bera bada.
Italiaren salaketari erantzunez, Metak nabarmendu du bere arauek ez dutela galarazten enpresak bezeroekin adimen artifizialaren bitartez komunikatzea, ezta enpresek aplikazioaren bitartez zerbitzuak eskaintzea ere.
Riberak azaldu du lehentasuna emango diola ikerketari, eta erabakia justifikatu du: «Bermatu egin behar dugu Europako herritarrek eta enpresek [adimen artifizialaren] iraultza teknologikoari onura ateratzea, eta esku hartu behar dugu eragile digital handiak ez daitezen beren nagusitasunaz baliatu lehiakide berritzaileak kanporatzeko».