BSHk berretsi du ekainaren 17an itxiko duela Ezkirozko lantegia

Zuzendaritzak hala jakinarazi dio Nafarroako Gobernuari. Txibitek dio jarduerari eutsi ahal izateko eskaintzak jaso dituztela eta lanean jarraituko dutela

BSHko langileen protesta bat, Ezkirozko plantaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
BSHko langileen protesta bat, Ezkirozko lantegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko ekainaren 9a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

BSHk ez du atzera egingo. Ezkirozko (Nafarroa) lantegia itxiko duela baieztatu du. Alemaniako multinazionaleko zuzendaritzak hala jakinarazi die Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Industria Ministerioari gaur, bideokonferentziaz egindako bilera batean. Ekainaren 17an hasiko du enplegua erregulatzeko espedientearen negoziazioa. 655 pertsona geratuko dira kalean.

BSHk etxetresna elektrikoak ekoizten ditu, eta iazko abenduan iragarri zuen aurtengo ekainean itxiko zuela Ezkirozko fabrika. Ordutik lantegian jarduerari eusteko alternatiba baten bila lanean aritu da Nafarroako Gobernua. Ate horrek irekita jarraitzen du, baina BSHren zuzendaritzaren iragarkia kolpe handia izan da langileentzat.

Nafarroako Gobernuak, ohar batean, «irmoki gaitzetsi» du multinazionalaren zuzendaritzaren erabakia, baita haren berri bideokonferentzia bidez jaso izana ere. Azaldu duenez, konpainiako buruekin egindako bileran eskatu diote denbora gehiago emateko, lantegi horretan jarduerari eusteko dauden aukerei bide eman ahal izateko.

Duela hilabete batzuk, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Industria Ministerioak mahai bat eratu zuten horretarako. BSHk ixteko erabakia jakinarazi arren, gobernuak adierazi du datozen egunetan «benetako interesa» agertu duten enpresa guztiekin jarriko dela harremanetan. «Lantegia berrindustrializatzeko aukerak» egon badaudela ziurtatu du. «Enpresa batzuek aste pare batean erantzun behar dute beren interesa» adierazi du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak.

Mikel Irujo eta Carmen Maeztu Industria eta Enplegu kontseilariekin azaldu da komunikabideen aurrean. «Ez gatoz bat [BSHren] erabakiarekin», esan du Txibitek, eta salatu du zuzendaritzak «hasiera-hasieratik ondo diseinatutako ibilbide orri bat» zuela eta enpresa ixtea beste alternatibarik ez zuela buruan. «Ez da malgutasunez jokatzeko gai izan». Jarduerarekin jarraitzeko agertu diren proiektuei buruz, diskrezioa eta «bake soziala» eskatu ditu, «zaratak zaildu egin baitezake horiek aurrera ateratzea».

«Enpresak gizatasun falta izugarria erakutsi du. Argi utzi du zein diren bere lehentasunak, eta, jakina, hor ez daude langileak»

MIKEL IRUJONafarroako Industria kontseilaria

Antzera mintzatu da Irujo, eta gogor egin du BSHren zuzendaritzaren aurka. «Gizatasun falta ikaragarria erakutsi du. Gauzak ez dira horrela egiten. Argi utzi du zein diren bere lehentasunak, eta, jakina, hor ez daude langileak».

Maeztuk, berriz, Nafarroako Gobernuaren babesa helarazi die BSHko beharginei. Ziurtatu du gobernuak zainduko duela kaleratze espedientearen negoziazioa «berme guztiekin» egingo dela. «Gu langileekin egongo gara, hasieratik egon garen bezala», nabarmendu du.

(ID_15046399) ESPAÑA NAVARRA EMPRESAS BSH
Mikel Irujo, Maria Txibite eta Carmen Maeztu, gaur, Nafarroako Jauregian, BSHk lantokia ixteko asmoa berretsi ondotik egindako agerraldian. JESUS DIGES / EFE

Langileei dagokienez, Juanjo Hermoso de Mendozak, enpresa batzordeko presidenteak (LAB), Bartzelonako aireportuan izan du erabakiaren berri. Bruselara bidean zen, Europako Batasuneko ordezkariekin biltzeko. Batzordea osatzen duten sindikatuei «batasunerako» deia egin die. «Espedientearen kontsulta aldia modu irmoan kudeatu behar dugu, lantaldearekin batera eta batzordeko kide denak batuta». UGTk zazpi delegatu ditu; LABek, hiru; CCOOk, ELAk eta ATISSek, bina; eta Solidarik, bat.

Hermoso de Mendozak esan duenez, Txibiteren beraren eta Industria Ministerioaren deiak jaso ditu, eta «berrindustrializazioaren aldeko apustua erabatekoa» dela baieztatu diote. «Lanean jarraitu behar dugu alternatiba fidagarri eta egingarri hori gauzatu ahal izateko», adierazi du.

Alderdi politikoek ere egin dituzte balorazioak. UPNk erantzukizunak hartzeko eskatu dio gobernuari. «Nafarroa berrindustrializatzeko garaia da, hitzetatik ekintzetara pasatzekoa, joera aldatzekoa, eta Txibite ez dugu horretarako gai ikusten».

EH Bilduk, berriz, esan du BSHren zuzendaritzaren erabakia «onartezina» dela, eta gogoratu du konpainiak azken urteetan irabazi handiak izan dituela. Gobernuari eskatu dio «Ezkirozko langileentzat eta Nafarroa osokoentzat plan industrial baten alde lanean jarraitzeko». Geroa Baik gaineratu du BSHrentzat aste hau «erabakigarria» izango dela. Contigo Zurekin-ek «klase elkartasuna» agertu die langileei.

Azkena Euskal Herrian

Gaurko bideokonferentzian, Nafarroako eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin batera parte hartu dute Joerg Ulrich BSHren ekoizpen zuzendariak, Christian Prenzel konpainiaren Europako zuzendariak, Maurizio Bernardi arlo ekonomikoko zuzendariak eta Jose Juste BSHren Espainiako zuzendari nagusiak. Antolakuntza eta ekoizpen arrazoiak aipatuz justifikatu dute Ezkirozko lantegia ixteko erabakia.

Ezkirotzen, nagusiki hozkailuak eta ontzi garbigailuak produzitzen dituzte, eta bero ponpak egiteko atal bat ere badute. Azken urteetan, multinazionalak Turkian eta Polonian dituen lantegietara eraman du ekoizpenaren zati bat.

BSHk Euskal Herrian duen azken lantegia da Ezkirozkoa. Villatuertako fabrika (Nafarroa) itxi egin zuen 2014ko azaroan. Eta gauza bera egin zuen Uharten (Nafarroa) zituen bulegoekin, 2015ean. 2018an, berriz, BSHk Gasteizko lantegia saldu zion B&B Trends Kataluniako enpresari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.