2019ko errenta zergaren kanpaina hasiko da etzi, eta uztailaren 20an amaituko da. Berritasun nagusia da aurten foru ogasunak ez dituela aurretik prestaturiko aitorpenak zergapekoen etxeetara bidaliko.
200.561 aitorpen proposamen egin ditu ogasunak, baina Internet bidez baizik ezin dira onartu edo atzera bota, www.errenta.nafarroa.eus helbidean. Langileen eta herritarren segurtasuna argudiatu ditu Elma Saiz Ogasun kontseilariak, baina Oscar Martinez de Bujanda zuzendariak nabarmendu du sailaren digitalizazioan urrats bat egiteko baliatzen ari direla koronabirusaren krisia. Onartu du, ordea, kezkatu egiten duela zergapeko batzuek Internet ez izatea.
Proposamena arbuiatzen dutenek edo halakorik jasotzen ez dutenek bi modu izango dituzte aitorpena egiteko. Internet bidez, Ogasun Sailaren laguntzarekin (948 106 106), edo telefono bidez (948 505 505 eta 948 505 506).