Tantaka bada ere, euroguneko kideak ugaritzen ari dira. 11 kiderekin abiatu zen, 1999. urtean, eta gaurtik aurrera 21 izango ditu. Europa mendebaldetik ekialderako bidea egin du diru bakarrak, eta kontinentearen hego-ekialdean aurkitu du azken kidea, Bulgaria. Krisi politiko sakon batean murgilduta egin du diru aldaketa herrialde horrek, eta gogo handirik gabe.Â
Inkesten emaitzek erakusten dute herritarren %40k soilik nahi dutela euroa, eta %50ek lev diruari eutsi nahi diotela. Euroaren aurkakoak beldur dira beste herrialde askotan gertatutako hori bera gertatuko dela Bulgarian ere, eta prezioak goraka borobilduko direla eta ez beheraka, legeak dioen moduan. Urtarrilean, eskudirua darabilten herritarrek eurotan edo levetan ordaindu ahal izango dute, baina, dirua itzuli behar badiete, soilik euroak eta haren zentimoak jasoko dituzte.
Bulgaria euroan sartzeak begi bistako ondorio gutxi izango ditu hasieran behintzat. Izan ere, 1990eko hamarkadaren hasierako hiperinflazioari aurre egitearren, Bulgariako Bankuak lev dirua Alemaniako markoari atxiki zion lehenik, eta euroari gero. Horrek esan nahi du funtsean EBZ Europako Banku Zentralaren menpe izan dela Bulgariako diru politika, baina EBZren erabakietan esku hartzeko aukerarik gabe.
Hain zuzen ere, Christine Lagarde EBZko presidenteak ongietorria egin dio gaur goizean Bulgariari, eta eurogunean sartu izanaren esanahi politikoa nabarmendu du. «Europak elkarlanean jarduten duenean egin dezakeen horren adibide bat da euroa; gaur egun aurre egin beharreko ziurgabetasun geopolitikoari aurre egiteko ditugun balioen eta indar kolektiboaren adibide bat».
Antzera mintzatu da Dimitar Radev Bulgariako Banku Nazionaleko gobernadorea ere. «Euroa ez da soilik diru bat, zerbaiten parte izatearen ikur bat ere bada» esan du, eta gaineratu euroan sartuta Bulgariak erakutsiko duela ez dagoela EBren periferian.
Inbertsioak eta ustelkeria
Gobernuak adierazi du euroan sartuta interes tasak jaitsiko direla, diru trukeari lotutako gastuak txikituko dituela, turismoari bultzada bat emango diola eta erakundeak gai izango direla beren burua merkeago finantzatzeko.
Horren guztiaren bitartez, espero du atzerriko inbertsioak erakartzeko gai izango dela. Izan ere, EBren barruan kostu txikiko herrialdea izan arren, Bulgariak atzerriko diru gutxiago erakarri ahal izan du antzeko baldintzak zituzten Europa erdialdeko beste herrialdeek baino. Horren arrazoietako bat ustelkeria da. Transparency International erakundearen arabera, Bulgaria 76.a baino ez da sailkapen horretan, Txinarekin, Moldaviarekin eta Salomon Uharteekin batera; EBren barruan, Viktor Orbanen Hungaria soilik dago okerrago —82. postuan dago—, eta Bulgariak baino kalifikazio hobeagoa dute Jamaikak, Timorrek eta Senegalek.

Ustelkeria horrek pisu handia du Bulgariaren gaur egungo krisi politikoan. 2021az geroztik, zazpi aldiz izan dituzte hauteskundeak, eta aldi bakar batean ere ez da modurik izan gobernu sendo bat sortzeko. Abenduaren 11n erori zen azkena; Rosen Zheliazkov lehen ministroak dimisioa eman zuen, protesta sorta baten ondorioz. Hainbat egunez, dozenaka mila herritar elkartu ziren Sofia hiriburuko erdialdean, gobernuaren aurkako mezuak plazaratzeko, eta borrokak izan ziren poliziekin.
Gobernuaren azken aurrekontu proiektuak sortu zuen haserrea. Gastu publikoa handitzea proposatu zuen gobernuak, eta zerga batzuk igota finantzatu nahi zuen asmo hori, baina, protestarien arabera, igoera horien parte handi bat ustelkeriak jango zuen, eta horregatik atera ziren kalera.Â
Rumen Radev presidenteak protesta horiek babestu zituen. Bulgarian onarpenik handiena duen agintari politikoa da Radev —2017an hautatu zuten lehen aldiz, eta 2021ean bigarrenez—, baina haren boterea sinbolikoa da. Alderdi Komunistako kidea izan zen erregimen zaharrean, eta gaur egun ere errusiazalea dela diote haren aurkakoek.

Radevek euroari buruzko erreferendum bat egitea proposatu du, eta, horregatik, gogor egin du talka Zheliazkoven gobernuarekin. Eztabaida hori Auzitegi Konstituzionalak itxi zuen, gogorarazita EBn sartu zenean, 2007an, Bulgariak hitzeman zuela euroan sartuko zela. Erreferendumari aipamen egin dio Radevek, halere, Urteberriko mezuan: «Ziur naiz geure diru nazionalaren desagertzea herriari galdetu ondoren gauzatu behar zela, baina agintariek ez zieten entzun nahi izan herritarrei.
Erreferendum bat eskatu du Vazrazhdane (Biziberritzea) eskuin muturreko alderdiak ere. Manifestazioak antolatu ditu azkenaldian euroaren aurka, eta, horietako batean, jarraitzaileak saiatu ziren Europako Batzordearen bulegoari su ematen. Manifestari batzuek Errusiako banderak astindu dituzte alderdi horren ekitaldietan.Â
Borisov eta Peevski
EBk berak askotan kritikatu ditu Bulgariako agintariak ustelkeriaren aurkako neurri egokiak ez hartzeagatik eta eskua kutxa publikoan sartua zutenak zigortzeko arazoengatik, eta funtsak izoztu dizkio arlo horretan erreformarik ez egiteagatik.
Akusatuen artean dago Boiko Borisov, hainbat aldiz lehen ministro izandakoa. 2022ko martxoan atxilotu zuten, dirua zuritzeaz eta EBren funtsak desbideratzeaz akusatuta, baina ez dute epaitu, eta GERB alderdi kontserbadoreko buruzagi da gaur egun ere.Â
%28Biztanleen galera zenbatekoa izan den. Bulgariar askorentzat emigrazioa da pobreziatik ihes egiteko modua. Herrialdeak 8,9 milioi biztanle zituen 1985ean, baina 6,4 milioi dira gaur egun (-%28), lan egiteko adinean zeuden gazte eta heldu askok beste leku batzuetara alde egin dutelako.
Protestarien artean asko aipatzen den beste izan bat Delian Peevski enpresaburuarena da. Zenbait hedabideren jabe izandakoa da, eta askok uste dute hark duela gobernuaren, zerbitzu sekretuen eta aparatu judizialaren kontrola.Â
Herrialde pobrea
Euroguneko kiderik berriena ez ezik, talde horretako kiderik pobreena ere bada Bulgaria. 2024. urtearen amaieran, haren per capita barne produktu gordina Europako Batasunekoaren %66 baizik ez zen —Letonia eta Grezia dira hurrengoak, %68rekin—. Hori bai, azken urteetan izan da hobekuntzarik alde horretatik, 2013an %46 baizik ez baitzen.
Baina beste parametro batzuetan ere atzean dago Bulgaria. Hark du gutxieneko soldatarik apalena (551 euro) eta hango herritarren batez besteko errenta 5.536 euro baizik ez da. Bulgariak du EB osoko pobrezia tasarik handiena (%30,3), nahiz eta aldagai horretan ere hobera egin duen —%43,3 zen 2015ean—.Â

Lurraldeen artean desberdintasun izugarriak daude: Sofia hiriburuan, batez besteko soldata ipar-ekialdekoaren halako bi da. Â
Baina datu makroekonomiko guztiak ez dira txarrak. EBko zor publikorik txikiena dauka Bulgariak: BPGaren %23,8 da, eta EBko batez bestekoa %80,7 da.
Langabezia tasa ere EBko apalenetako bat da, %3,6koa, baina emigrazioak zeresan handia du datu horretan.
eta hurrengoa nor?
Europako Batasunaren itunek diote kide guztiek derrigorrez izan behar dutela euroa diru gisa. Erresuma Batuak taldea utzi ondoren, Danimarka da araua betetzeaz salbuetsita dagoen bakarra, EBn sartu zenean hitzartu baitzuen koroari eutsiko ziola. Baina arau hori ez da betetzen. Bulgariak hemeretzi urte egin ditu EBren barruan euroa onartu aurretik, baina Suediak 31 bete ditu gaur, eta ez du keinurik egin euroan sartzeko. Gauza bera esan daiteke Poloniari, Hungariari eta Txekiako Errepublikari buruz, eta 2004an sartu ziren EBn. Kontua da derrigortasuna teorikoa dela, estatukideek baldintza batzuk bete behar baitituzte euroa diru gisa izateko, eta gobernu horiek guztiek azterketa hori ez abiatzea erabaki baitute. Euroguneko kideak eta Europako Batzordea isilik daude, ikusita prest ez zegoen herrialde bat (Grezia) taldean sartzeak zer buruhauste sortu zituen.Â
Horiek horrela, litekeena da hurrengoa Errumania izatea, baina ez berehalakoan. 2007an sartu zen herrialde hori EBn, Bulgariarekin batera, baina defizit publiko handia (%9,3)Â kontrolatzen ez duen bitartean, ez da urratsik egingo.