Burbuila bat agian, baina adimen handikoa

Adimen artifizialean egindako inbertsio erraldoiek AEBetako ekonomia bultzatu dute, eta teknologia enpresen kotizazioa biderkatu, baina ikusteko dago nork eta nola aterako dion etekina AAri. Burbuila bat puztu den susmoa badago.

Amazonen datu zentro berriak, AEBetako Virginia estatuan. JIM LO SCALZO / EFE
Amazonen datu zentro berriak, AEBetako Virginia estatuan. JIM LO SCALZO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko abenduaren 29a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkarra da adimen artifiziala (AA), baina behar bezain azkarra al da bere inguruan burbuila bat sortu dela jakiteko? Sakelako telefonoen aplikazioetan ugaritzen ari diren txatbot edo AAko tresnetako horietako bati galdetuz gero, erantzunak arrazoitsua dirudi: «Badaude burbuila baten arrastoak, baina AAren eskaerak, haren aplikazioek eta aurrerapenek iradokitzen dute teknologia horrek oinarri sendoak dituela. Etorkizunean hazkundea eta zuzenketak uztartuko dira ziur aski, merkatuak heldutasuna lortu ahala». 

Beste hitz batzuetan: adimen artifizialak berak uste duela bere erabilera handitu egingo dela, baina espektatiba guztiak agian ez direla beteko eta horrek, noski, irabazleak ez ezik, galtzaile batzuk ere eragingo dituela.

Espektatiba horiek inbertsioak eta merkatuak mugitzen ari dira, Ameriketako Estatu Batuetan batez ere. Azken urtean, herrialde horretako konpainia teknologikoek 300.000 milioi euro inbertitu dituzte AArekin lotuta, eta 2026rako 350.000 milioitik gertu ibiltzea espero da. AAk beharrezkoa duen informazio guztia prozesatzeko datu zentroak sortzen ari dira nonahi, eta horren eskutik bizkortu egin da AEBetako ekonomiaren hazkundea, Donald Trumpen gobernuaren beste politika batzuek —muga zerga handiagoek, etorkinak kanporatzeak...— eragindako galga konpentsatzeraino.

Praktikoak eta handinahiak

Inbertsioak apalagoak izan dira beste lurralde batzuetan. Txinak, esaterako, 85.000 milioi inbertitu ditu, herrialde hori beste sektore aspergarri baina oraingoz praktikoagoetan ere inbertitzen ari delako, hala nola auto elektrikoetan, energia berriztagarrietan eta robotetan. Gainera, AEBetan ez bezala, AAren erabilera praktikoa lortu nahi dute, ekoizpen prozesuetan lagundu dezan. Europak ere bide hori hartu du.

AEBetan, berriz, ideia handinahiago bati bueltaka dabiltza. «AAk pobrezia bukatuko du, eta gizateria hobe bat ekarriko», adierazi du Sam Altman Open AI enpresako buruak, eta, hortaz, ChatGPT txatbot erabilienaren bultzatzaile nagusiak. Eta, noski, mundua aldatuko omen duen teknologia bat begiz jota dagoenean, nola galdu dirua teknologia zaharrunoetan? Ondorioa zera da, Trumpen laguntzarekin, AEBetan inbertsioa txikitu dutela energia berriztagarrietan eta auto elektrikoetan, eta zientzian jarritako dirua 1960ko hamarkadan jarritakoaren heren bat dela. 

zer dIRA burbuilaK?

Finantza merkatuei dagokienez, burbuila batek zera esan nahi du, akzio jakin batzuen prezioak alde handiz gainditzen duela haien benetako balioa izan daitekeena —etorkizunean eman dezakeen etekina—. Hau da, akzio horien balioa irrazionala dela, funts sendorik gabeko bultzada batek eragindakoa, eta, beraz, lehenago edo geroago, bere prezioa amildu egingo dela eta burbuila lehertu egingo dela. 

AAn egindako inbertsioak gidatzen dituen ideia nagusia zera da, XXI. mendeko teknologia «garrantzitsuena eta disruptiboena» izaki, garestia dela, eta, hortaz, diru gehien inbertitzen duena izango dela garaile. Hori egia den ala ez ikusteko dago, baina logikoa izango litzateke inbertsio horren zati bat arrakastatsua izatea eta beste bat komunetik behera joatea. Azken horren barruan egoteko hautagaiak ez dira falta: AAren inguruko start-up batzuek ehunka milioi euroren inbertsioak erakarri dituzte, nahiz eta ez duten produktu oso garbi bat.

Halaber ikusteko dago zer bilakaera izango duen AAk. Historikoki, teknologia berriek hasieran bultzada handia izan ohi dute, baina gero haien garapena moteldu egiten da. Esate baterako, hegazkinen abiadura ez da handitu 1960ko hamarkadaz geroztik, eta erreaktore nuklearrak praktikan duela 50 urtekoak dira. 

USA NVIDIA EARNINGS
Nvidiaren egoitza nagusia, Kaliforniako Santa Clara herrian. JOHN G.MABANGLO / EFE

Inbertsio horiekin batera iritsi dira burtsaren balorazioak. Finantza merkatuak ere teknobaikorren ikuskera saritzen ari dira, haiek ere emaitza ikusgarriak espero dituztelako. 

Inbertsoreak jo eta ke aritu dira azken urtean enpresa teknologikoen akzioak erosten, eta argi dago haien balioa izugarri hazi dela; izan ere, gaur egun merkatuetan gehien balio duten zazpi enpresak teknologia alorrekoak dira: Nvidia, Apple, Alphabet (Google), Microsoft, Amazon, Meta eta Broadcom. Zortzigarrena Tesla da, eta bederatzigarrena da AEBetakoa ez den lehena, enpresa teknologikoa da, TSMC Taiwango mikrotxip egilea. Hamargarren postura jaitsi behar da iraganeko sektore nagusiko lehena aurkitzeko, Saudi Aramco petrolio konpainia. 

DATUak

3,9

Nvidiaren balioa zenbatekoa den, bilioi eurotan. Gaur egun, merkatuetan gehien balio duten zazpi enpresak teknologia alorrekoak dira. Haien buru dago Nvidia, AEBetako mikrotxipen ekoizle nagusia. 3,94 bilioi euro balio ditu burtsan, Erresuma Batuko urteko barne produktu gordinak bezainbeste. Baina diru sarreretan bosgarrena baizik ez da, eta 33., berriz, irabazietan. Azken urtean %38 handitu da haren akzioaren balioa.

Eta produktu, sektore edo teknologia berri baten balorazioak asko handitzen direnean sortzen da zalantza: haren inguruko burbuila bat al dago? Teknologia berriek sortutakoak izan dira azken bi burbuila nagusiak: autoen, hegazkinen, irratiaren eta beste teknologia berrietan egindako inbertsio espekulatiboek eragin zuten 1929ko Wall Streeteko kraka, eta Internetaren ingurukoek Puntucomen burbuila izenekoa lehertu zuten 2001ean.

Burbuilaren hotsak Frankfurtera iritsi dira, Europako Banku Zentralaren egoitzara. Bankuaren finantza egonkortasunari buruzko txostenak ukatu egin du burbuila bat dagoela, baina ohartarazi du «zuzenketa zakar bat» egiteko arriskua egon badagoela. Hau da, erraldoi digitalen akzioek eroriko handi bat izateko arriskua dutela, haien prezioa %50etik gora handitu delako apiriletik hona.

Burbuilarik ez da, Europako Banku Zentralaren ustez, gehien inbertitzen ari direnak sustrai sendoak dituzten enpresak direlako, eta ez espekulatzaile hutsak. «Irabazi tarte handiak dituzte, zor txikia eta negozio oso dibertsifikatuak [...] Zalantzak egon daitezke haien balorazioei buruz, baina uste du burbuilari buruz hitz egitea ez datorrela bat errealitatearekin», esan dute banku zentraleko kideek.

Baina burbuilen ezaugarrietako bat da inork ez duela burbuilarik ikusten lehertzen den arte. AAri dagokionez ere, «oraingoa bestelakoa da» leloa nagusitzen ari da. Puntucom burbuilarekin gertatu zen bezalaxe, orain ere ikusteko dago irabazia zehazki zerk sortuko duen eta, batez ere, nork patrikaratuko duen. 1990eko hamarkadan merkatuek Yahoo, AOL,Terra eta beste zenbaiten aldeko apustua egin zutenean, Google Kaliforniako garaje batean zegoen eta Mark Zuckerberg eskolan. ChatGPTk 800 milioi erabiltzaile ditu, baina enpresa dirua galtzen ari da.

Bitcoinen erorikoa

AArekin batera, kriptodiruek ere arreta handia erakarri dute 2025ean. Kriptodiruari buruz aritzeko agian ez da zuzena burbuila hitza erabiltzea, oraingoz espekulazio hutseko finantza produktua direnez berezkoa baitute gorabehera handien menpe egotea. Baina kriptodiruen urte amaiera hain kaskarra izan da ezen etorkizunari buruzko zalantzak piztu baitira. Urrian inoizko mailarik gorenera iritsi zen kriptodiru ezagunena, bitcoina —126.000 dolarrean salerosi zen—, baina aste gutxiren buruan balioaren %36 galdu zuen. Suspertze txiki baten ondoren, 87.000 dolarrean salerosi da urtearen amaieran —%30eko galera—. 

Ez da lehen aldia bitcoinak halako erorikoak izan dituena eta ondoren suspertu egin dena, baina nekez egingo dute halakorik azken urteetan sortutako beste kriptodiru batzuek eta, bereziki, Trumpen inguruan sortutakoak. Kriptoaren munduak diruz lagundu zion AEBetako presidenteari bere kanpainan; sari gisa, haren inguruko araudia malgutu zuen AEBetako presidenteak, eta sektore horretan negozio ilunengatik zigortutakoak aske utzi.

bitcoin
Bitcoinen kotizazioa erakusten duen pantaila bat, New Yorkeko metroan. ANGEL COLMENARES / EFE 

Eta, AEBak «kriptodiruen superboterea» bilakatu nahi izan duenez, haiekin negozioa egiten ere saiatu da Trump. Emaitza ez da oso ona izan: kargua bigarren aldiz hartu baino bi egun lehenago bere memecoin propioa atera zuen, Strump izenekoa, eta 42,5 euro balio izatera iritsi zen; aste honetan, bost euro baino gutxiago balio zituen. Melania Trumpen memecoinak balioaren %99 galdu du. Ondorioz, urtean zehar kriptodiruekin irabazitako 1.000 milioi dolar jada desagertu dira bere poltsatik.

Urrea eta zilarra, distira betean

Kriptodiruen azkenaldiko erorikoak erakusten du inbertsiogile batzuek arrisku handiko aktiboak utzi eta inbertsio ziurragoen bila joan direla. Eta finantzen munduan, antzinako zibilizazioetan bezala, ez da ezer ziurragorik distira egiten duten metalak baino. Haien artean, jaun eta jabe da urrea. Haren balioa %73 handitu da azken urtean, eta gaur 4.576 dolarrean salerosi da urre ontza, inoizko preziorik handienean. 

Goia jo du beste metal preziatu klasikoak ere: zilar ontza 84 dolarrera iritsi da gaur goizaldean, baina ondoren 72 dolarrera erori da. Edonola ere, azken urtean %142 handitu da haren balioa. 

Adituek uste dute gehiago garestitzeko aukera badutela metalek, kriptodiruen jaitsierari batu zaizkiolako tentsio geopolitikoa eta interes tasen jaitsiera AEBetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.