BURTSA. Des-ekaitza

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Kanpoan ekaitza eta, barruan barea ordez des-ekaitza. Citigroupen erreskatea antolatu dute AEBetan, eta horrek presio baxuak ekarriko ditu aurrera begira: nekez utziko dute beste bankurik hondoratu dadin. Hori ospatzeko, kafea erori zen euritan, kafea izango baita denontzat, itxura denez. Ikuskizun dagoena da, nork ordainduko duen, baina, hortaz kezkatzeko, izango dugu denbora eta denboralerik. Urteko igoerarik handienetan laugarrenean, Gamesak (+%22,08) berebiziko protagonismoa izan zuen, eta eguzki izpi distiratsuenen pare ibili ziren bi banku handienak (%9na pasako igoerekin), Popular, Telecinco eta Edurnezuri %6nako igoerekin, Tecnicas Reunidas (+%12,72), Inditex (+%10) eta, nola ez, argia damaigun Iberdrola (+%14,26). Gorabehera horiekin guztiokin, nekez topatuko dugu azalpen sinesgarririk errenta aldakorraren aldakortasunerako. Finantza sektoreko lainoak diru publikoz garbituko dira. Ekonomia errealaren gaineko zaparrada?



Repsol-YPF. Adorea behar du, gaur-gaurkoz, enpresa baten balioaren estimazioa plazaratzen duenak. Errusiako Lukoilekin salmentarako harremanetan dabilen LaCaixak, 18,6 euroko balioa ikusten dio Repsol-YPFri (+%7,84) akzioko. Atzo 15 euroan amaitu zuen eguna petrolio enpresaren akzioak, baina, hala ere, tokitan dago Errusiakoak ordainduko omen lukeen 28 euroko mailatik. Sacyrren (-%4,95) akzioak, eragiketa aurrera ateratzearen araberako gorabeherak izango dituela espero daiteke. Traba politikoek eragozten badute, Rivero buru duen enpresak gorriak ikusiko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.