Raxoiren neurriak. Erantzuna

Burujabetzaren oihua

Murrizketak salatu eta subiranotasun politiko eta ekonomikoa eskatu dute milaka lagunek Bilbon, EH Bilduk deitutaErakundeen arteko elkarrizketa eta elkarlana eskatu dute koalizioko kideek

EH Bilduk deitutako manifestazioaren burua, atzo, Bilboko udaletxe aurrera iristean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak defizita murrizteko aurkeztu dituen murrizketen ondoren, mobilizazioak bata bestearen atzetik iritsi dira Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Hego Euskal Herrian. Eta atzo, beste behin ere, herritarrek geldirik ez geratzeko aukerari heldu zioten. Izan ere, milaka lagunek Bilboko kaleak hartu zituzten, Euskal Herria Bilduk deitutako manifestazioari erantzunez. Haien arabera, 15.000 pertsonatik gora elkartu ziren Murrizketarik ez! Burujabetza ekonomikoa pankartaren gibelean. Murrizketen aurkako giroa berotzen ari da pixkanaka, eta bide horretatik jarraitzeko deia egin du EH Bilduk.

Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko Espainiako Gobernuak hartutako neurriek «emergentziazko egoera» sortu dutela esan du Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak manifestazioaren amaieran. Eta testuinguru horretan, dei egin die euskal erakundeei eta eragile politiko, sindikal eta sozialei: «Elkarrizketa eta elkarlana ezinbestekoak dira herri moduan krisiari aurre egiteko, guztion artean alternatiba eraikitzeko». Horretarako, subiranotasun politiko eta ekonomikoa aldarrikatu du. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak ere elkarrizketaren ideia azpimarratu nahi izan du; «beharrezkoa» dela esan du.

Baina erakundeen arteko elkarrizketaz gain, kalera irteteko deia ere egin du Mintegik: «Ez dago geldirik eta isilik egoterik, halako eraso bati erantzuna eman behar zaio». Eta bide horretan jarraituko dute. EH Bilduk proposatzen duen alternatibari bide emateko, «ekinbide politiko eta instituzionalak bultzatuko ditugu, baita kalean ere, mobilizazio bidez eta greba orokorrarekin», Barrenaren esanetan. Atzokoa, beraz, irailaren 26rako deituta dagoen greba orokorra berotzeko mobilizazioa izan zen.

Manifestazioa azkar eta oihu gutxi batzuen artean igaro zen. Bilboko Kale Nagusia zeharkatu zuen, eta 45 minuturen buruan iritsi zen udaletxe parera manifestazio burua. Bitarte horretan entzundako oihuen artean, subiranotasunaren aldeko eta krisiaren aurkako aldarrikapenak entzun ziren.

Merkatuen «menpe»

«PPren gobernua merkatuen interesen aurrean belaunikatu da, EAJ, PSOE eta UPNren babesarekin», Asun Fernandez de Garaialde Aralarreko kideak adierazi duenez. Eta hori zergatik? «Ordezkatzen duten sistema kapitalista babestu behar dutelako edozeren truke», esan du manifestazioaren amaierako hitzaldian.Barrenaren ustez, alderdi horiek osatu duten laukoteak, «sinetsarazi nahi digute egoera honetara ekarri gaituzten politika berakaterako gaituela gauden putzutik». Horregatik, sistema horri estalkiak jartzeari uzteko eskatu dio ezker abertzaleko kideak.

Espainiako Gobernuak hartutako neurri «basatiek», beraz, ondorio bakarra ekarriko dutela uste du Fernandez de Garaialdek: «Hego Euskal Herriko gizartea oraindik gehiago pobretzea». Eta hori guztia Gasteizko eta Iruñeko gobernuek onartuta egingo dela salatu du.

Krisiaren «aitzakia» ongizate estatua desegiteko erabiltzen ari dela salatu du Aralarreko burukideak, eta egoera honen erantzuleak ez direla herritarrak oroitarazi du, halaber. «Finantza erreskatea deitzen diote haiek, baina guk beste era batean deitzen diogu: iruzurra, lapurreta eta harrapakatzea». Horregatik, euskal gizartea parez pare izango dutela ohartarazi die agintariei. Eta ezetz esateko bide hori, eragile sozial, sindikal eta alderdi politikoen elkarlanaren fruitu izango dela uste du.

Alternatiba, burujabetza

Egoera ekonomiko zail honen erdian, Espainiatik datozen murrizketak ezarri ordez, EH Bilduko ordezkariek «burujabetza ekonomiko eta politikoa» aldarrikatu dute behin eta berriro. Neurri horiek beharrezkoak izango dira, haien hitzetan, koalizioak proposatzen dituen alternatibak martxan jartzeko. «Alternatiba sozioekonomikoa martxan jarri ahal izateko subiranotasuna eskatzen dugu, kapitalismobidegabe honi aurre egin ahal izateko», Pernando Barrenaren esanetan.

Burujabetzaren aukera horrek autonomia eredu erreal eta justuagoa eraikitzen lagunduko duela azpimarratu du Barrenak. Baina orain Espainiako Gobernuak proposatutako neurriei aurre egin behar zaie, eta, horretarako, «mobilizazio dinamika» bat martxan jarriko du Hego Euskal Herrian EH Bilduk.Horien artean, zortzi sindikatuk eta ehun plataforma sozialek deitutako greba orokorra. «Eragile guztion artean, elkarlanean lan eginda, Euskal Herriari egindako eraso anker hau geldituko dugu», esan du Fernandez de Garaialdek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.