Enpresak

CAFek 100 milioi euroren kontratuak lortu ditu Eskandinavian

Oslo-Bergen trenen mantentze lanak egingo ditu bederatzi urtez. Beste bost metro unitate egingo ditu Helsinkirako.

CAFek Helsinkirako egindako metro bat. CAF
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 6a
13:09
Entzun

Norvegiako kontratua Euromaint erosi izanaren ondorio da. 2019. urtean erosi zuen Suediako konpainia hori CAFek, ohartuta trenak egitea ez ezik horien mantentze lanak egitea negozio handia dela. CAFek hainbat kontratu lortu ditu azken urteetan Eskandinavian, eta horiek hornitzeko enpresa interesgarria da Euromaint.

Berez, Euromaintek Norvegian lortutako lehen kontratua da 2019. urtearen amaieran lortu baina orain jakinarazitakoa. Haren bidez, CAFen filialak Bergensbanan izeneko trenbidean ibiltzen diren trenak konponduko eta mantenduko ditu datozen bederatzi urteetan, VY konpainiarentzat. Tren horrek Oslo hiriburua eta Bergen hiria lotzen ditu, eta Europa iparraldean garaiera handienean zirkulatzen duena da.  

Lan gehienak Bergenen bertan egingo ditu CAFek, linea horretarako mantentze lanetarako tailer berria ari baitira eraikitzen.

Eskandinavian ere, Finlandian, CAFek kontratua zabaldu du Helsinkiko metroa kudeatzen duen HKL Helsingin Kaupungin Liikennelaitos enpresarekin. Horren bidez, gaur egun zirkulazioan dauden hogei metro unitateei beste bost gehituko dizkie Beasaingo konpainiak. M300 seriekoak izango dira, eta bakoitzak lau bagoi izango ditu.

Trenez gain, horietarako ordezko piezen hornikuntza jasotzen da esleipenean. Unitateak 2022. urterako emango ditu CAFek.

Autobusak Katalunian

Autobus elektrikoen negozioan ere sartuta dago CAF, lehenik Vectiaren bidez, eta ondoren Polonian erositako Solarisen bitartez. Azken horren hamalau autobus artikulatu erosi dizkio Bartzelonako garraio publikoen kudeatzaileak, TMBk.

H16 ibilbidea egingo dute autobus horiek (Passeig Zona Franca - Foro / Besòs Campusa). 

Solarisen New Urbino modelokoak dira. 18 metroko luzera izango dute, eta bateriak kargatzeko pantografoekin ekipatuta egongo dira. Kargatzea bizkor egin ahal izango dute ibilbidean, eta modu mantsoagoan autobusak deposituan gordeta dauden bitartean. Unitateak Kataluniako hiriburuan 2021. urtearen hasieran zerbitzuan jarriko dituztela aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.