Enpresak

CAFek 120 milioi euroren kontratuak lortu ditu seinaleztatze sistemak berritzeko

Espainiako, Esloveniako eta Bulgariako tren azpiegituren kudeatzaileek hiru lan adjudikatu dizkiote.

Sofiako geltoki nagusia. CAF
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 1a
07:36
Entzun

CAF Signalling filialak asteazkenean bertan lortu zuen azken kontratua, guztien artean mamitsuena, 80 milioi euro ekarriko dizkielako hari eta haren bazkideari, Frantziako Thalesi. Adif Espainiako sareko kudeatzaileak CAFek eta Thalesek osatutako partzuergoaren esku utzi zuen La Encina-Xativa-Valentzia tartean segurtasun instalazioak hornitzea. Azken bost urteetan Adifek segurtasun instalazioetan egindako inbertsiorik handiena da, eta abiadura arrunteko eta handiko trenbideak hornituko du. Segurtasun instalazioak hiru urteko epean amaitu beharko ditu, eta hurrengo 25 urteetan CAF arduratuko da mantentzeaz ere.

Esloveniako Azpiegitura Ministerioak, berriz, Zidani Most eta Sentilj geltokien arteko 117 kilometroko tartea (Austriako muga artekoa) segurtasun eta seinaleztatze sistemak birgaitzeko lana eman die CAFi eta haren bazkideari, Esloveniako bertako Iskra konpainiari. CAFek azaldu duenez, "Iskraren erreleen katigamendu zaharrak CAF Signallingen katigamendu elektronikoekin ordezkatzea" da lanetako bat, eta horren bidez Esloveniako trenbide sareko zati horretako trenen maiztasuna eta segurtasuna handitu ahal izango dute. Europako Batasuneko funtsekin finantzatuko dute proiektua.

Distantzia laburrago bateko segurtasun eta seinaleztatze sistemak hornituko ditu CAFek, Bulgarian. Izan ere, hamabi kilometroko tartea baitago Sofia hiriburuko geltoki nagusiaren eta haren aldiriko Voluyak herriaren artean. Bulgariako AER enpresarekin egingo du lan CAFek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.