CAFek 35 milioi euro galdu ditu lehenengo seihilekoan

Urtea amaitu baino lehen berreskuratu nahi du galdutakoa. Bederatzi kontratu berri sinatu ditu, baina %12 gutxiago saldu du: iaz baino 149 milioi euro gutxiago. COVID-19agatik produkzioa gelditu behar izan zuen aste batzuez eta hainbat herrialdetan dituen mantentze zerbitzuak eten.

CAFeko bi langile, tren baten pieza batekin lanean. CAF
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 29a
19:14
Entzun

COVID-19ak gogor jo du CAFen ere. Urte hasiera txarra izan du; bereziki, martxotik ekainera. Pandemiaren eraginez, salmentak nabarmen murriztu ditu Gipuzkoako tren ekoizleak. Iazko lehen seihilekoan izandakoekin konparatuta, %12 gutxiago saldu du: 149 milioi euro gutxiago. 35 milioi euroko galera orokorra izan du. Aurreko urteko epe berean 25 milioi euro irabazi zituen.

2020ko lehen seihilekoaren emaitzen berri eman du asteazken honetan. COVID-19ak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek gehien jo duten sektoreetako bat izan da garraioa. CAFek azaldu duenez, egungo testuingurua «konplexua» da, baina itxaropentsu azaldu da: azpimarratu du aurreneko sei hilabeteetan izandako galerak berreskuratzea espero duela urtea amaitu baino lehen.

Hori hala izan dadin, eskari zorro «handi» bati eusten diola nabarmendu du, eta gaineratu du likidezia ziurtatzeko zor ildoak handitu egin dituela. Urtea hasi zenetik, eta bereziki lehen hiruhilekoan, bederatzi kontratu sinatu ditu konpainiak, autobusez eta metroz hornitzeko hainbat hiri (Bartzelona, Kolonia, Amsterdam, Napoli...), eta horien eta beste batzuen mantentze lanak egiteko. Azkena, ekainean sinatu zuen (baina ez du txostenean sartu): Espainiako Renfek 258 milioi euroko kontratu handi bat eman zion, 37 tren egiteko. Denbora horretan, gainera, ez du kontraturik baliogabetu.

Dena den, aurreko urteko epe berean eginiko salmentekin konparatuta, alde nabarmena dago atal batzuetan: bereziki, trenen salmentan: iaz baino %25 gutxiago izan dira Osagaietan seinaleztapenetan eta bestelako ekipoetan, %10 gutxiago. Zerbitzuen alorrean, berriz, iazko baino %37 gehiago saldu du.

Ekoizpena erdizka

Zerbitzuetan izandako emaitza onek, baina, ez dituzte galerak ekidin. Aste batzuez produkzioa gelditu izanak eta hainbat herrialdetan dituen mantentze zerbitzuen eteteak eragin du %12ko jaitsiera orokorra.

Apirilean, ekoizpena gelditzera behartuta egon zen konpainia, baina langile ugarik beren jarduerarekin jarraitu zuten, telelanaren bidez: ingeniaritzaren alorrekoek eta erosketa eta salmenta atalekoek, bereziki. Ekoizpen zentroetan, berriz, CAFek ez du aldi baterako erregulazio batera jo, eta langileekin adostu du lan egin gabe utzitako orduak nola berreskuratu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.