CAFek beste bi kontratu sinatu ditu Frantzian

38 tranbia eta eta hamalau tren fabrikatuko ditu. 300 milioi eurotik gorako operazioa izango da.

CAFen tranbia Besançonen, Frantzian. CAF
CAFen tranbia bat Besançonen, Frantzian. CAF
2025eko uztailaren 9a
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Belgikako akordio potoloa oraindik kolokan duela, beste bi hitzarmen erdietsi ditu CAFek Frantzian. Guztira 300 milioi euro baino gehiago jasoko ditu Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak.

Batetik, 38 tranbia ekoitziko ditu Grenoblerako. CAFeko ibilgailuek gaur egun martxan dauden tranbiak ordezkatuko dituzte bertan, eta 2028tik aurrera egongo dira zirkulazioan. SMMAG Grenobleko tranbia sareak Frantziako Alpeetako hiriburua ez ezik Gresivaudan eta Pais Voironnais haranak ere biltzen ditu; 123 herri eta 650.000 biztanle osotara. Itunak bederatzi tranbia gehiago egiteko aukera ere jasotzen du.

Bestetik, hamalau tren fabrikatuko ditu Borgoina-Franche-Comte eskualderako —Frantzia ekialdean dago, Suitzarekin mugan, eta hiri jendetsuena Dijon du—. CAFek Reichshoffen (Alsazia) duen lantegian diseinatu eta fabrikatuko dituzte tren horiek, eta, hamalau ibilgailu berri batuta, 62 treneko flota izango dute eskualdean.

Frantziatik ez oso urrun, CAFek bere historiako kontraturik handiena lortzeko aukera du, Belgikan. 3.400 milioi euroko ituna da, Belgikako trenbideen konpainia publikoarekin (SNBC-NMBS) eginikoa. Sinatzeko bidean zegoela, Alstom lehiakideak salaketa jarri zion operazioari apirilean, eta Belgikako Estatu Kontseiluak operazioa geldiarazi zuen. Hala ere, SNCB-NMBSko zuzendaritzak berretsi du CAFena dela aukerarik onena.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.