CAFek bere historiako kontraturik handiena lortzeko aukera du

Belgikako trenbideen konpainia publikoko zuzendaritzak berriro CAF proposatu du seiehun tren egiteko, baina administrazio kontseiluak erabakia atzeratu du. Belgikako Estatu Kontseiluak prozesua eten zuen apirilean, Alstomek salaketa bat jarri ondoren.

CAFen tranbia bat, Liejan. JEFFREY GRENFELL
CAFen tranbia bat, Liejan. JEFFREY GRENFELL
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 27a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

3.400 milioi euro daude jokoan. Diru kopuru hori jaso dezake CAFek baldin eta Belgikako trenbideen konpainia publikoak (SNCB-NMBS) Beasaingo enpresa hori hautatzen badu hurrengo urteotan trenak eraikitzeko eta haien mantentze lana egiteko —gehienez seiehun tren izango lirateke—. Horretarako bidean zegoen CAF, adjudikaziodun lehenetsia baitzen operazio horretarako, baina Belgikako Estatu Kontseiluak operazioa geratu zuen apirilean, Alstom lehiakideak salaketa jarri ondoren. Eskaintzak berriro aztertu ondoren, SNCB-NMBSko zuzendaritzak berretsi du CAFena dela aukerarik onena.

Azken erabakia, ordea, ez dagokio zuzendaritzari, SNCB-NMBSko administrazio kontseiluari baizik, eta hor alderdi politikoen ordezkariak ere esertzen dira.  Arratsaldean bildu da erabaki bat hartzeko, baina, espero zenaren aurka, ez du halakorik egin. Agiri baten bidez azaldu duenez, zuzendaritzaren proposamena aztertu du, baina, aferan «beste motibazio batzuk» daudela iritzita, erabakia atzeratzea deliberatu du.

Administrazio kontseiluko kide batek Trends Tendances hedabideari azaldu dionez, «presio politiko izugarriak» jaso dituzte. Kontua da CAFen kontratu horretarako duen lehiakide nagusia, Frantziako Alstom, bi lantegiren jabe dela Belgikan, eta ohartarazi duela haietan enplegua arriskuan legokeela lana lortuko ez balu. Mila langile inguru ditu Charleroin, eta bostehundik gora Brujasen; azken horien lanpostuak leudeke jokoan.

Beste aukera batzuk

Urtarrilean, aho batez onartu zuen CAF lehenestea, eta orain halakorik ez egiteak arazo batzuk eragingo lizkioke. Izan ere, prozedura berriro hasiz gero, hainbat urte atzeratuko da trenen berritzea, eta horien beharra du konpainia publikoak, gero eta bidaiari gehiago garraiatzen baititu. Hiru lehiakideekin negoziatzeak —Siemensek ere eskaintza aurkeztu zuen—, berriz, salaketen bidea irekiko luke auzitegietan, batez ere enpresek badakitelako besteek zer eskaini duten.

Zuzendaritzaren proposamena onartuz gero, SNCB-NMBSk berriro abiatu ahal izango ditu negoziazioak CAFekin, eta baliteke horien ondorioz kontratu bat egitea. Kontratua egingo balitz, inoiz Beasaingo konpainiak lortutako onena izango litzateke. Egungo kopuruen arabera, gutxienez 1.695 milioi euro izango lirateke —lehen 180 trenak egiteko— eta 3.400 milioi gehienez —seiehun tren egitea erabakiz gero—.

Kontratuaren gauzatzea geratzeko, Belgikako Estatu Kontseiluak argudiatu zuen SNCB-NMBSk ez zuela ongi azaldu zer irizpide tekniko erabili zituen eskaintzaren kalitate teknikoa zenbatekoa zen zehazteko. Enpresak dio zalantza horiek argitu dituela, eta, L'Echo egunkari ekonomikoak argitaratu duenez, azterketa zehatzagoak are abantaila handiagoa eman dio CAFi.

Alstom, merkeago

Alstomek, bestalde, ziurtatu zuen bere eskaintza ehun milioi euro merkeagoa zela, eta beste irizpide teknikoetan —energia gastua, esaterako— CAFekoaren oso gertu zegoela. Baina haren argudio nagusia enpleguari buruzkoa izan da, eta bertako enplegu industriala babesteko deiak ugaritu egin dira hedabideetan. Presio politikoa ere izan da, Brujasko eta Charleroiko alkateek haserrea adierazi dute, eta hainbat diputatuk ere SNCB-NMBSri eskatu diote atzera egiteko. Alstomen Brujasko lantegiko langileek ziurtatu dute kontratua ez lortzeak «azken kolpea» emango diola fabrikari.

Belgikako Garraio ministro Jean Luc Cruckek jendaurrean adierazi du ez duela esku hartuko erabakian, eta errespetatu egingo duela tren konpainia publikoaren autonomia.

Horiei guztiei zera erantzun die SNCB-NMBSk: Europako Batasuneko legediak debekatu egiten duela enplegua irizpide gisa hartzea lehiaketa batean.

CAFek ez dauka lantegirik Belgikan, baina azken urteetan kontratu asko lortu ditu herrialde hartan. Orain, tranbiak egiten ari da Liejarako eta Flandriarako, eta metro unitateak Bruselarako.

15.603

 

Zenbat milioi euroren eskaerak dituen CAFek. Belgikako kontratu erraldoia ziurtatzeak are gehiago lodituko luke CAFen eskaera zorroa. Lanik ez zaio falta, aurtengo lehen hiruhilekoaren amaieran 15.603 milioi euroren eskaerak baitzituen, urtebete lehenago baino 2.006 milioi euro gehiagorenak. 2025eko lehen hiruhilekoan, 2.026 milioi euroren eskaerak izan ditu.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.