Enpresak

CAFek Europa zaharraren konkistan jarraitzen du

Birminghamen eta Venezian kontratu bana egin du, eta, guztira, 110 milioi euroren salmentak lortu ditu.

Solaris Urbino autobus modeloa, erabat elektrikoa. CAF
xabier martin
2019ko urriaren 7a
13:41
Entzun

CNMV merkatu arautzaileari jakinarazi dionez, Beasaingo (Gipuzkoa) CAF konpainiak ongi baino hobeto ekin dio urriari, kontratu handi bi egin baititu: bata, Erresuma Batuan, Birminghanen; eta bestea, Italian, Venezian. Ingalaterrako hirira 21 tranbia bidaliko ditu, 90 milioi euroren truke; eta Italiakora, 30 autobus elektriko, Solaris etxeko Urbino12 modelokoak; Italiako hori hamar milioi euroko salmenta da, autobusena ez ezik baterien kargarako azpiegitura ere CAFen esku utzi baitu ACTV SPA Veneziako garraio kudeatzaileak.

Kontratu bi horiek islatzen dute CAFen nabaritzen ari diren joera argi bat: Ingalaterra tren merkatu oparo baino oparoagoa bihurtu da azken urteetan, eta Italiakoa beste hainbeste autobus elektrikoei begira. Duela hilabete gutxi, Milango hiriak 250 Solaris erosteko eskaera egin zuen.

Birminghango kontratuak, gainera, eskaera handitzeko aukera dakar sinatutako idatzian. Operadoreak 29 tranbia gehiago eska dezake 2020ko hamarkadan barna. Lehen tranbiak 2021. urteko hondarrean entregatuko ditu Beasaingo konpainiak; edonola ere, ibilgailuen mantentze lanak ere egingo ditu 30 urteko epean, behar diren gai berri guztiak hornituz.

Katenariarik gabe

Ez da CAFek Birminghanen saltzen duen estreinako aldia. 2012. urtean, Urbos modeloko 21 tranbia jarri zituen martxan han, eta 2018. urtean, berriz, tranbia horiek mugitzeko Greentech energia-biltegi sistema erosi zioten CAFi, ion-litio bateriekin, katenariaren sistema gainditzeko. Orain saldu berri dituen Urbos berriek, izan ere, energia biltzeko sistema are berriagoa izango dute, eta ez dute beharko, hortaz, argindar sistema bat trenbidean, katenaria alegia.

CAFeko Erresuma Batuko arduradun Richard Garnerrek esan du konpainiaren Urbos tranbiak izango direla lehenak energia biltzeko sistema batez ibiltzen direnak Erresuma Batuan, intentsitatea handiko linea batean.

Italian egindako salmentak, bestalde, balio handikoa izango da kopuru ekonomikotik harago. Venezia turismo hiririk garrantzitsuenetakoa da, eta Solarisen autobusek erronka handia izango dute hainbeste bidaiari behar bezain laster eta ondo eramateko. Eta hori guztia hiria kutsatu gabe egingo dute. Zerbitzu publikoaren bidez, ingurumenari laguntzeko helburua duten hiri handientzako eredu garrantzitsu bihur daiteke Veneziarena. Lido eta Pellestrina uharteetan emango dute zerbitzua, eta han ibiltzen diren diesel autobusak ordezkatuko dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.