Garraioa

CAFek Iberdrolaren hidrogenoa erabiliko du

Beasaingo konpainia horrek udarako nahi du prest hidrogenozko trenaren prototipoa. Talgok udaberrian hasiko ditu probak, eta Ribabellosan landuko ditu makinak.

CAFek hidrogeno bidez mugitzeko prestatzen ari den trena. CAF
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 2a
13:11
Entzun

Hidrogeno bidez mugituko diren trenak edukitzeko lanean ari dira Euskal Herrian lan egiten duten trengileak. Talgok joan den astean iragarri zuen Petronorrekin eta Arabako Aldundiarekin lankidetzan arituko dela Vittal One proiektuan, eta Ribabellosako lantegian (Araba) garatu eta eraiki nahi dituela bere hidrogenozko trenak. CAFek, berriz, gaur jakinarazi du akordio bat egin duela Iberdrolarekin haren hidrogenoa erabiltzeko. Beasaingo konpainiak udan ditu hastekoak bere probak.

Gaur egun elektrikoak dira tren gehienak, baina badira diesel motordunak ere, batez ere elektrifikatzeko zailak diren trenbideetarako; inguru malkartsuetakoak, batez ere. Horiek ordezkatzeko alternatiba gisa hidrogenoa ikusten du Europako Batzordeak, eta diruz lagunduko ditu proiektuak.

EBren proiektu horietako batean ari da parte hartzen CAF, Renfe Espainiako tren konpainia publikoarekin batera. Asmoa da Renferen Civia tren bat egokitzea, hidrogeno bidez funtziona dezan argindar sarea erabiltzerik ez duenean.

CAFek gaur azaldu duenez, apirilean hasiko dituzte FCH2RAIL proiektuaren barruan tren berriaren probak, enpresak Zaragozan (Aragoi, Espainia) duen lantegian. Hiri horretatik Pirinioetako Canfranc geltokira doan trenbidean erabiltzea da asmoetako bat.

Trena Iberdrolak Bartzelonan duen lantegitik hornitutako hidrogeno berdearekin bultzatuko da. «Sorkuntza elektrikoko sistema berria instalatuko du unitate horretan hidrogeno bidezko piletatik eta baterietatik eratorritako energiaren hibridaziotik abiatuta. Hori guztia, aldi berean, ibilgailuan lehendik dagoen trakzio sistemarekin integratuko da, eta hidrogeno bidezko pila duen bi modutako ibilgailuaren lehen tren erakusleetako bat izango da», azaldu du konpainiak.

Iberdrolak hidrogenoa iturri berriztagarrietatik lortzeko bi lantegi jarri berri ditu martxan, eta horietako bat Bartzelonan dago. Urtarrilaz geroztik, hidrogenoz hornitzen ditu TMB Bartzelonako metropoliko garraio konpainiako autobusak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.