Belgikakoaren ostean, Italian beste kontratu handi bat erdietsi du CAFek, beste konpainia batzuekin batera osatu duen partzuergoak Napoliko metroko hamargarren linearen proiektu osoa egingo baitu.
Horrek esan nahi du guztia egingo dutela: seinaleztatze sistema, azpiestazio elektrikoak, katenaria, datu sarea, telekomunikazioak, nasako atea, kontrol zentroa eta erabat automatikoak izango diren tren berrien hornidura. Hain zuzen, CAFek azaldu du tren automatiko horietan joango diren metro unitateak Inneo plataforman oinarrituta egongo direla, eta edukiera handiko hiruna kotxe izango dituztela.
Bestalde, CAFek azpimarratu duenez, kontratu hori lortu izanak berresten du konpainiak apustu sendoa egin duela trenen hornikuntzan ez ezik trenbide seinaleetan ere. Proiektu hori izango da CAFek «metroen gidatze automatikoaren arloan izango duen lehen erreferentzia». «Optio izeneko sistemak automatikoki bideratuko du metro sarearen funtzionamendua (GoA4), eta fidagarriago bihurtuko du, eragiketen automatizazioa handituko baitu».

GoA4 seinaleztapena trenen automatizazio mailarik handienari dagokio. «Maila horretan, kontrol sistemak erabateko autonomiaz gidatzen du trena, gidaririk eta tren barruko langilerik gabe, eta sistema osoa kudeatzen du: gidatzea eta geldialdiak, larrialdi posibleak, ateen irekiera eta instalazioetako biltegietan egindako mugimenduak barne. Horrela, trenbide sistema baten automatizazioaren adierazpen gorena da».
Italian denbora luzez
Partzuergoan enpresa hauek daude, CAFez gain: AET ., Francesco Ventura Costruzioni Ferroviarie., Mer Mec STE eta Leonardo. Kontratuaren guztizko balioa, aurreikusitako aukera guztiak aintzat hartuta, 630 milioi eurotik gorakoa izan daiteke, eta hasierako oinarrizko fasea 259 milioi eurokoa izango da.
CAFek 2000. urtean erdietsi zuen lehen kontratua Italian, Erromarako metro unitateak egiteko. Orduz geroztik, 70 metro unitate baino gehiago egin ditu Erromako metrorako, eta beste hamar egin behar ditu. Horiei gehitzen zaizkie Napoliko metroaren lehenengo linearako beste 23 unitate.
Aldiriko eta eskualdeko trenetan, Sardinia, Trieste eta Bari eskualdeetarako trenak egin ditu, eta tranbiaz hornitzen ari da Italiako hainbat hiri: besteak beste, Erroma, Palermo eta Bologna.