CAFek mantentze lanak egiteko bi kontratu eskuratu ditu, Brasilen bata eta Zeelanda Berrian bestea

Sao Paulon sinatu du bat, eta Aucklanden bestea. Bien artean ehun milioi euro baino gehiagoren balioa dute.

CAFeko langile bat beharrean, Brasilen. CAF
CAFeko langile bat beharrean, Brasilen. CAF
Paulo Ostolaza.
2025eko ekainaren 17a
11:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Bolada gozoan jarraitzen du CAFek. Beasaingo (Gipuzkoa) trengileak inoizko eskari zorrorik handiena du, 103 milioi euro irabazi zituen iaz, eta gaur jakinarazi du CAFek berak egindako trenen mantentze lanetarako bi kontratu eskuratu dituela: bata Sao Pauloko metroan (Brasil), eta bestea Aucklanden (Zeelanda Berria). Bien artean ehun milioi euro baino gehiagoko balioa dute.

Gaur egun, CAFek halako 150 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu hogei herrialdetan. Zehazki, 11.600 kotxe ingururen mantentze lanak egiten ditu, eta 4.000 langile ditu behar horretarako.

Brasilgo kontratua Motiva taldearekin hitzartu du, Sao Pauloko metroaren bosgarren linea kudeatzen duen enpresarekin. Hitzarmenaren arabera, Euskal Herriko enpresari esleitu diote 2011n entregatu zituen sei kotxeko 26 unitate beste hamalau urtez mantentzeko ardura. Trengileak bi tailer ditu horretarako hirian.

Sao Pauloko metroa osatzen duten sei lineetako bat da bosgarrena; hogei kilometro luze da, eta batez beste egunean 600.000 bidaiari garraiatzen ditu. CAF 1998. urtetik dago Brasilen, eta denera 2.000 milioi euroren kontratuak sinatu ditu han.

Zeelanda Berriko luzeena

Zeelanda Berriko kontratua, berriz, Auckland One Rail Limited enpresa pribatuarekin adostu du. Hark kudeatzen du Aucklandeko trenbide sarea, herrialdeko luzeena: 94 kilometro ditu denera, lau lineatan banatuta. 

2011tik, zenbait kontraturen bidez, CAFek 95 unitate elektriko egin ditu Aucklanderako. Sinatu berri duen kontratuaren arabera, datozen bost urteetan tren horientzako ingeniaritza lanak egingo ditu, prestatu egingo ditu, eta ordezko piezaz hornituko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.