CAFeko Beasaingo eta Irungo lantegietan lan hitzarmen berria izango dute. Hango langileek zuzendaritzak aurkeztutako seigarren proposamena berretsi dute astearte honetan, eta, horren ondorioz, azken hiru asteetako protestak eta lanuzteak bertan behera utziko dituzte. Akordioak hiru urteko indarraldia izango du.
Asteartean iragarri zuten aurreakordioa enpresak eta ELA eta LABsindikatuek, eta erabakia batzarretan bozkatu dute langileek: Beasaingo lantokian parte hartzaileen %64,2k babestu dute, eta Irungoan, berriz, %73,4k.
LABek azpimarratu du emaitza horrek berretsi egiten duela negoziazio prozesuan egindako bidea, eta bereziki nabarmendu du mobilizazioak eta lanuzteak funtsezkoak izan direla enpresaren jarrera aldatzeko orduan. ELAk, berriz, eskerrak eman dizkio lantalde osoari, prozesuan egindako mobilizazioetan, batzarretan eta bozketetan parte hartzeagatik.
Bi sindikatuen arabera, akordioak hainbat arlotan jasotzen ditu «hobekuntza nabarmenak». Enpleguari dagokionez, aurreikusi dute gutxienez 190 kontratazio finko egitea Beasaingo lantegian, 40 Irungoan eta 11 bulegoetako langileentzat. Horrez gain, errelebo kontratua aplikatuko dela bermatzen da, eta horrek, sindikatuen arabera, lanpostuen sorrera sendotzeaz gain, «babes mekanismo» gisa jardungo du kanporatze dinamiketan.
Soldatei dagokienez, 2026an %3,15 igo dira; 2027an, Euskal Autonomia Erkidegoko KPIa + %0,50 igoko dira; eta 2028an, EAEko KPIa + %0,75. Halaber, antzinatasun plusa ordaintzeko, kontuan hartuko da enpresan egindako zerbitzu denbora osoa.
Euskara ikastea, «beste hizkuntzen pare»
Lanaldiaren «homogeneizazioan» ere urrats garrantzitsua egin dela azaldu dute sindikatuek: lanpostu guztietan urteko 1.592,5 orduko lanaldia ezarriko da. Laugarren erreleboan aritzen diren langileek, berriz, 1.584,5 ordukoa izango dute 2027tik aurrera. Sindikatuek nabarmendu duenez, lehen aldiz, kolektibo batean asteko lanaldia 35 ordutik beherakoa izango da.
Gizarte arloan ere hainbat hobekuntza adostu dituzte. Adibidez, euskara ikasteko prestakuntzaren baldintzak beste hizkuntzetakoen pare jartzea adostu dute.
Baimenen atalean, guraso, ama edo anai-arreben heriotzagatiko baimenak bi egunetik hiru egun baliodunera luzatu dira. Lan bidaien arloan, bereziki nazioarteko desplazamenduetan, borondatezkoak ez diren egonaldiak gehienez bi hilabetera mugatuko dira jarraian, eta langile guztien dietak parekatu egingo dira.