CAFeko langileek mobilizazioak gogortuko dituzte, zuzendaritzaren «itxikeriari» aurre egiteko

LABek enpresari exijitu dio utz diezaiola negoziazio kolektiboak blokeatzeari. Europako langile batzordea apiril amaieran eratuko dute, baina akordiorik lortu gabe. Jerusalemgo proiektutik ateratzeko eskatu diote zuzendaritzari.

CAF enpresako LABen ordezkariak gaur, Beasainen. GORKA RUBIO / FOKU
CAF enpresako LABen ordezkariak gaur, Beasainen. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko apirilaren 16a
16:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emaitzei dagokienez, inoizko boladarik onenean da CAF. %42 handitu zituen irabaziak iaz, eta inoiz baino beteago du eskari zorroa. Baina aurki horrek badu ifrentzua: langileak ez daude konforme, eta mobilizazioak hasi dituzte zenbait lantegitan. LAB sindikatuaren arabera, CAFen emaitzak ez dira bateragarriak taldeko langileen lan baldintzekin; «Baldintzak hobetzeko borrokan ari gara hainbat lantegitan», adierazi du Aitor Martinez Beasaingo CAFeko LABen ordezkariak.

Negoziazio prozesu horien berri emateko, LABek prentsaurrekoa egin du gaur. Martinezen arabera, negoziazio prozesu ugari daude irekita, hainbat lantegitan: Beasain eta Irun (CAF SA), CAF TE, Geminys, CAF Signaling, CAF Power... «Prozesu bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina bada elementu bat denetan agertu dena: zuzendaritzaren itxikeria eta negoziazio mahaien blokeoa. Horri aurre egiteko tresna bakarra geratzen zaigu, borroka».

Horren erakusgarri, CAF TEko langileak greba mugagabean daude martxoaren 30etik. Euskotrenen eta Gasteizko tranbiaren mantentze lanetan dihardute, eta Gasteizen, Sopelan eta Abadiñoko Lebario auzoan dituzte lantegiak. Daniel Quintana da LABen ordezkaria bertan, eta azaldu du zuzendaritza negoziatzera esertzen ez zelako ekin ziotela grebari: «Grebara deitu genuen esanez negoziazioak hastean lanera itzuliko ginela. Astebete geroago, enpresak erantzun zigun negoziazioak hasteko prest zegoela, baina, eseri arren, ez du negoziatu nahi izan».

Horrez gain, lanuzteak hasi dituzte Beasaingo eta Irungo plantetan ere. Zehazki, 67 orduko lanuzteak egiten hasi dira aste honetan. «Abenduan aurkeztu genion enpresari negoziatzeko zirriborroa, eta joan den hilabetera arte ez genuen erantzunik jaso. Lehenengo bi bileretan, enpresaren jarrera oso itxia izan da, eta aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoak eman ditu lan baldintza orokorretan», salatu du Beasaingo ordezkariak.

ELAk ere eman du Beasaingo lantegiko mobilizazioen berri. Sindikatuak esplikatu du langileek bigarren mobilizazio eguna egin dutela gaur, eta parte hartzea handia izan dela. «Enpresari eskatzen diogu lehenbailehen ekiteko hitzarmenari buruzko elkarrizketei.

LABek, berriz, CAFeko zuzendaritzari exijitu dio martxan jar ditzala taldeko lantegi guztietan irekita dauden negoziazio kolektiboak. «Ez da onargarria CAFek 2025ean milioiak irabaztea, eskaera zorroak 16.000 milioi euroren langa gainditzea, akziodunen artean %14 banatzea eta horrek islarik ez izatea langileen lan baldintzetan».

Euskal Herriaz harago 

CAFek 5.500 langile ditu Euskal Herrian, hemezortzi enpresatan banatuta. Baina taldearen argazkia hori baino zabalagoa da. 14.500 langile baino gehiago ditu Europan: 3.260 langile Polonian, 2.500 inguru Espainian, 971 Frantzian eta 951 Suedian, besteak beste. Bada, indarrak bateratzeko asmoarekin, bi urtez aritu dira taldeko langileen ordezkari guztiak Europako langile batzorde bat eratzeko negoziatzen, zuzendaritzarekin batera.

LABeko ordezkariek azaldu dute ez dela modurik izan ados jartzeko; ondorioz, apiril amaieran eratuko da batzordea, baina gutxieneko araudi legalaren arabera. Horrela azaldu du Martinezek: «LABek bi baldintza nagusi zituen: batetik, Euskal Herriak ordezkaritza propioa izatea, eta, bestetik, enpresa handietan ohikoak diren enpresa batzorde profesionalizatu horietatik ihes egitea eta eredu propio bat sortzea CAFen barruan. Ez dugu lortu ez bata ez bestea».

Martinezen arabera, bi arrazoi izan dira bi eskari horiek ez lortzeko: zuzendaritzaren itxikeria, eta CCOOren jarrera. «Europan estatuka banatzen da ordezkaritza; Espainiako Estatuari ordezkari kopuru jakin bat dagokio, sei direla uste dut, eta hor dago jokoa». Adierazi du Euskal Herria Espainia balitz bezala hartzen dela, eta, hortaz, ez dutela kontuan hartzen, langile gehien-gehienak Euskal Herrian egon arren: «Estatuko sindikatuek ez dagokien ordezkaritza eramaten dute, gure 5.000 langileren ordezkaritza eramaten dute, eta Euskal Herriak ez du errekonozimendurik».

JerusaleMgo proiektua salatu dute CAF-eko langileek

2019an eman zioten CAFi Jerusalemgo proiektua, eta, ordutik, harrabotsa sortu du. Asteartean plazaratu zen gizarte zibileko zenbait erakundek salaketa bat jarri zutela enpresaren administrazio kontseiluaren aurka, eta fiskaltzari eskatu ziotela ikertzeko zuzendaritzak ba ote duen erantzukizun penalik. Aitor Martinez Beasaingo CAFeko LABen ordezkariak azpimarratu du proiektua eman zietenetik eskatu diotela zuzendaritzari hura alde batera uzteko, eta oraindik ere horixe nahi dutela: «Palestinar herriaren eskubideak urratzen ditu, hori lehendabizi, baina, gainera, kalte egiten dio enpresaren irudiari, eta langileen etorkizuna ezbaian jarri, posible baita beste proiektu batzuetan eragina izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA