CAFeko sindikatuak bananduta, Europa osorako langile batzorde bat osatzeko egitasmoa dela eta

ELAk eta LABek salatu dute estatu mailako sindikatuek egitura «profesionalizatuago» bat nahi dutela, CAFen barneko identitate ezberdinak lausotzeko.

CAFen lantegia, Alsaziako Reichshoffenen. CAF
CAFen lantegia, Alsaziako Reichshoffenen. CAF
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 10a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denbora gutxian nazioartean hedapen zabala izateak bere ondorioak ditu, langileen ordezkaritzan ere bai. Egoitza Beasainen (Gipuzkoa) duen CAF tren ekoizlea da horren adibide bat. Europan dituen lantegietako langile guztiak bilduko lituzkeen enpresa batzorde bat eratzeko prozesua abiatu zuten 2024ko udazkenean, sindikatu guztien oniritzia lortuta. Negoziazioak une erabakigarrian daude, baina sindikatuen arteko tirabirak areagotu egin dira azken asteetan. Batasuna hautsi egin da, eta, enpresako zuzendaritzarekin abenduaren 17an egingo duten bileraren atarian, bi bloke nagusi osatu dira.

Batetik, estatu mailako sindikatuak daude: Espainiako CCOO eta UGT, Poloniako Solidarnosc eta OPZZ, Frantziako FO, Suediako SEKO, eta Italiako FIOM CGIL. Eta, bestetik, Euskal Herriko ELA, LAB eta ESK, Aragoiko (Espainia) OSTA eta GTI, eta CGT.

Hasiera batean, langileen ordezkarien artean adostasun zabala zegoen batzordearen funtzionamenduaren inguruan, Euskal Herriko sindikatuek eta beraien aliatuek azaldu dutenez. Besteak beste, presidentziarik gabeko txandakatze sistema bat aurreikusten zuten, sindikatu guztien parte hartzearekin, eta CAFen barneko identitate sindikal guztien aitortzarekin.

Baina printzipio horien gainean zegoen bat etortzea apurtu egin da, IndustriALL Europa mailako federazio sindikalak batzordean kanpo aholkulari bat «inposatu» nahi duelako, ELAk, LABek eta haien aliatuek salatu dutenez. CCOO eta UGT buru dituen blokeak egin du proposamen hori, haien iritziaren aurka. Uste dute aholkulari horrek ikuspegi «zentralizatu eta burokratizatuagoa» ekarriko lukeela, hasieran adosturiko planteamenduen kaltetan.

Bi bloke, bi proposamen

Ondorioz, datorren asteko bileran bloke bakoitzak bere proposamena helaraziko dio enpresari. Euskal Herriko sindikatuek eta haiekin batera doazenek ordezkaritza «hurbilagoa», sindikatu guztientzako lekua eta administrazio prozedura arinagoak proposatuko dituzte. Bestalde, CCOOk eta UGTk «profesionalizatutako egitura bat» defendatu dute: estatuetan oinarritutako ordezkaritza, presidente eta presidenteordeen postu finkoekin, gehienez bost kideko batzorde murriztuarekin eta kanpoko aholkulari baten gidaritzapean.

Azken urteetako hedapenaren ondorioz, CAFek 12.000 langile baino gehiago ditu Europan. Enpresaren egoitza nagusia Beasainen dago, Gipuzkoan, eta Euskal Herriko lantegietan daude behargin gehienak, 5.000tik gora. Espainian, berriz, 2.300 inguru ditu, eta Polonian 2.500 inguru, Solaris autobus ekoizlearen plantetan. Frantzian, CAF taldeak 1.000 langile inguru ditu, Suedian bezala; Italian, berriz, 350 baino gehiago. Horiei guztiei gehitu behar zaizkie Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumaniako ordezkaritzetako eta filialetako langileak.

Beste kontratu bat Frantzian, 250 milioi eurorena

CAFek 250 milioi euro inguruko kontratu bat eskuratu du Frantzian, SNCF Voyageurs operadorearentzat 22 tren hornitzeko. Enpresak jakinarazi duenez, material berria Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdean erabiliko dute. Aurretik hamazazpi tren egin zituen CAFek operadore horrentzat.

Tren berriak Marseilla-Aubagne-Toulon-Hyeres eta Marseilla-Toulon-Les Arcs Draguignan lineetan erabiliko dira. Regiolis modeloko tren elektrikoak izango dira: sei bagoi izango dituzte, 310 bidaiarirentzako. CAFek diseinatuko eta fabrikatuko ditu, Alsaziako Reichshoffeneko lantegian; Alstom konpainia zenbait ekipamenduren horniduraz arduratuko da. 

CAFek nabarmendu du 2019tik bere merkatu nagusietako bat bihurtu dela Frantzia, eta gogoratu du bi lantegi dituela herrialdean, Reichshoffenekoa eta Bagneres de Bigorrekoa (Okzitania).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.