CAFen akordio bat erdietsi dute langile batzordeak eta zuzendaritzak

Apirilaren 20ra arte itxiko dute lantegia. Galdutako orduak urtean zehar errekuperatu beharko dituzte langileek, eta enpresak ehun langile kontratatuko ditu behin-behinean, ekoizpena lehengoratzeko. Kontseiluko eta zuzendaritzako kideek %5 murriztuko dute soldata. ELAk ez beste sindikatu guztiek sinatu dute akordioa.

CAFen Beasaingo lantegia, asteazkenean, itxita koronabirusagatik. JON URBE, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko martxoaren 20a
11:30
Entzun

Eragin handia izaten ari koronabirusa industrian ere, eta, nahiz eta ekoizpena ez den geratu, enpresa asko dira ateak ixten langileen osasuna bermatzeko. CAFek astelehenean erabaki zuen ateak ixtea behin-behinean, eta, orain, itxialdia apirilaren 20ra arte luzatzea erabaki du, Aste Santuko oporraldia igaro arte. Ez da, ordea, kaleratzerik izango, ezta soldata murrizketarik ere langileentzat. Urtean zehar errekuperatu beharko dituzte orain sartuko ez dituzten orduak. Enpresak, berriz, sinatutako kontratuak epe barruan amaitzeko, ehun langile kontratatuko ditu behin-behinean. Gainera, kontseiluko kideek eta zuzendaritzakoek %5 murriztuko dute soldata. ELAk ez beste sindiaktu guztiek sinatu dute akordioa: LAB, CCOO, ESK eta UGT.

LABek jakinarazi duenez, joan den astean Beasaingo eta Irungo lantegietako produkzioa etetea eskatu zuen, eta zenbait langilek uko egin zioten lan egiteari. "Beste behin, langileak izan gara arriskuaren aurrean erantzukizunez jokatu dugunak", adierazi du.

Astelehenetik aurrera, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat iragarri zuen zuzendaritzak egun horretan bertan. Lanordu guztiak errekuperatzea nahi zuen, baina ez ziren ados jarri. Azkenean, aste honetako hiru lanegunetako orduak ordaindu egingo zaizkie "ordainpeko baimen" gisara. LABek nabarmendu du martxoaren 23tik apirilaren 8a bitartean galdutako orduek ez diotela eragingo opor garaiari. Izan ere, momentu batean abuztuan lan egitea jarri zuen zuzendaritzak mahai gainean. Lanegunetan eta larunbatetan errekuperatu beharko dituzte.

LABek nabermendu du akordioak ez duela ekarriko plantilla murriztea edo langileek soldata murriztea. Aitortu du garai zailean dagoela enpresa, dauzkan eskariengatik, eta ez dela hau akordioak lortzeko egoerarik onena. Baina gaineratu du langileek ahal duten guztia egingo dutela  normaltasunera iristeko. Zuzendaritzari eskatu dio horrek ere arduraz jokatzeko, lanpostu finkoak, behin-behinekoak eta azpikontratatutakoak mantenduz, lan baldintzetan atzera egin gabe.

ELAk akordioa ez sinatzea erabaki zuen, argudiatuz galdutako lan orduen errekuperazioa enpresak ere bere gain hartu beharko lukeela. "Enpresaren egoerak akordio berdintsuago bat ahalbidetu beharko zukeen". Gaineratu du aldi baterako kontratazio gehiago ere egin zitezkeela, eta ez dagoela egiaztatzerik kontseiluko eta zuzendaritzako kideek soldata murriztuko dutenik. Azkenik, akordioa langileen artean bozkatu gabe onartu dela salatu du, eta juridikoki hori legezkoa den aztertuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.