Cebek: «Enpresak ixten badira, bezeroek beste hornitzaile batzuk bilatuko dituzte»

Iñaki Garcinuño Bizkaiko patronaleko buruak eskatu du ahal den neurrian eusteko jarduera ekonomikoari. LABek, berriz, enpresaburuak eta gobernuak egin ditu langileak kutsatzearen erantzule.

CAFen lantegia Beasainen, itxi dutenetako bat. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 23a
11:24
Entzun

Italian gaur itxi dituzte oinarrizko zerbitzu gisa hartzen ez diren enpresak. Espainiako eta Frantziako gobernuek halakorik ez dute erabaki oraindik, eta jarrera horrekin bat egin du Bizkaiko patronalak, Cebekek. «Jarduera ekonomikoak ez du on eta off batekin funtzionatzen. Gaur egungo egoeran, arduratsua eta komenigarria da lanera joatea eta gutxieneko jarduera bati eustea, enpresek iraun dezaten eta ez daitezen hilotz bihurtu pandemia igarotzen denean», azaldu du Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak, Radio Euskadin. 

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ere iritzi horretakoak direla nabarmendu du Garcinuñok, eta esan du Txinak eta AEBek ere fabrikak lanean dituztela. Uste du arrisku handiak daudela orain lantegiak geratuz gero. «Zerbitzatu behar diren eskariak dituzte; ixten badugu, bezeroek ez digute itxarongo, eta beste hornitzaile batzuk bilatuko dituzte; lana dugun bitartean, irekita jarraitu behar dugu».

Onartu du eskariak txikituz gero agian erabaki batzuk hartu beharko direla, baina horien artean ez du itxiera aipatu, baizik eta ordutegiak eta txandak aldatzea, eta oporrak aurreratzea.

Garcinuñok iragarri du urteko lehen bi hiruhilekoetan kolpe handia jasango duela ekonomikak, baina espero du bigarren erdiak «erorketa konpentsatu» ahal izango dela. Berria-k asteburuan galdekatutako ekonomistak ez daude hain ziur iragarpen horrekin. 

Adegik ere irekita nahi ditu lantegiak

Adierazpen publikorik ez du egin Gipuzkoako patronalak, Adegik. Baina haren iturriek BERRIAri adierazi diote funtsezkotzat jotzen dutela enpresak irekita jarraitzea, «ixtea oso erraza baita, baina berriro irekitzea ez». Langileen osasuna da lehentasuna Gipuzkoako patronalarentzat, baina «orekari» eusteko deia egin du, uste baitu «neurri guztiak hartuta» jarduerak aurrera egin dezakeela.

Osasun krisitik ateratzean «gizarte moduan aurrera egiteko» funtsezkoa izango da enpresek zabalik jarraitzea, Adegiren ustez. «Enpleguaren %85 enpresa pribatuan dago Gipuzkoan», gogorarazi dute patronalaren iturriek, eta garbi utzi dute enpresak ixtearen ondorioak «oso gogorrak» liratekeela, langabeziari begira eta zerga bilketari begira ere bai.

«Enpresak dira enplegua eta aberastasuna sortzen dutenak», esan du patronalak, eta adierazi du ez duela inolako eztabaidan sartzeko asmorik erabateko itxiera eskatzen ari diren sindikatuekin. Jarduerak aurrera egitea eta aldi berean langileen osasunaren aldeko neurri guztiak hartzea posible dela uste du Adegik. «Begibistakoa da ahalik eta enpresa gehien irekita eta ekoizten jarraitu behar dutela. Kasik lotsa ematen du hau esplikatu beharrak. Osasun krisia gainditzen denean, ahalik eta enpresa gehien beharko ditugu lanean eragiten ari diren ondorioei aurre egiteko».

 

LABen salaketa

Langileen segurtasuna bermatuz gero, ekoizpena martxan jartzearen alde azaldu da CCOO, baina ez, ordea, ELA eta LAB. 

Azken horretako Ekintza Sindikaleko buruak, Xabier Ugartemendiak, berriro eskatu du gaur goizean ezinbestekoak ez diren enpresak ixteko, eta haserre azaldu da gobernuekin eta enpresaburuen elkarteekin. «Astebete igaro da etxeko konfinamendua agindu zutenetik. Helburua koronabirus pandemiaren hedatzea gelditzea da. Norbanakoen erantzukizunarekin etengabe bonbardatzen gaituzte, eta Euskal Herriko biztanleok era egokian erantzuten ari gara, esfortzu asko eginez: umeak, gazteak, helduak, zaintza lanak etxeetan egiten ari direnak, autonomoak... Honen aurrean, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Confebask eta CEN patronalen arduragabekeria eta erantzukizun sozial eza salatu behar dugu».

Ugartemendiaren arabera, gobernuek eta eta patronalek okerreko lehentasuna dute: «Osasuna izan beharko litzateke lehentasuna, baina gobernuek zein patronalek jarduera ekonomikoa lehenetsi dute, langileak eta, ondorioz, biztanlegoa kutsatzeko arriskuan jarriz».

ELAk iragarri du auzitegietara eramango dituela langileen iritziaren aurka enpresak irekitzen dituztenak, eta jarrera hartu du LABek ere. 

Gainera, oinarrizko zerbitzuetan langileak prebentzio neurririk gabe ari direla zerbitzua ematen ohartarazi du: «Ez maskararik, ez guanterik, ez jaboirik, ez 1,5 metroko distantziarik... Osasungintzan lanean ari diren langileaz ari gara, zahar egoitzetan ari direnei buruz, etxez etxeko laguntzan, anbulantzietan, supermerkatuetan, garraioan... Lotsagarria hau ere. Biztanlegoari oinarriko babesa ematen ari diren langileak arrisku larrian jartzen ari dira, langile bat hil ereË;ÂÂ;Â;.

Patronalaren interesak defendatzea egotzi die Ugartemendiak Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, eta guztiei egin die gerta daitezkeen kutsatzen erantzule. «Nor egingo da honen guztiaren arduradun? Nor egingo da jardun ekonomikoa martxan mantentzeagatik kutsatzen diren langile eta hauen senideen arduradun? Oinarrizko zerbitzua ematen ari zaizkigun langileak, prebentzio neurri egokiak ez izateagatik kutsatuak badira, nor egingo da arduradun? Nor egingo da hil den langilearen arduradun? Eta etorkizunean hil daitezkeenena?. LABek argi du: gobernuak eta patronala egingo ditugu arduradun»,

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.