U-30 Greba Orokorra

Cebek: «U-30eko greba arduragabea eta elektoralista da»

Iñaki Garcinuño Bizkaiko patronaleko presidenteak gogor jo du ELA eta LAB sindikatuen aurka. 2020an Bizkaiko ekonomia %1,9 haziko dela aurreikusi dutela ere iragarri du.

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentea Bilbon, gaur goizeko agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 28a
12:43
Entzun

Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko patronaleko presidenteak ELA eta LAB sindikatuak kritikatu ditu gaur goizean, urtarrilaren 30eko greba dela eta. Haren iritziz, greba orokorrerako deialdia «arduragabea, neurrigabea eta desegokia da», eta grebaren izaera politikoa gaitzetsi du: «Mitxel Lakuntzak berak —ELAko idazkari nagusiak— aitortu du greba politikoa dela, baina ez omen da deialdi elektoralista; ez dakit nola izendatu Eusko Jaurlaritzaren parean egin dituzten kontzentrazioak».

Sindikatuen aurka egiteko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera sozioekonomikoari egin dio erreferentzia Garcinuñok. Enpresaburuaren ustez, grebaren jatorria «euskal errealitatetik at» egindako analisi bat da: «Euskadi goiko postuetan dago aldagai guztietan; estatuko soldatarik handienak eta lanaldirik motzenak mespretxatzen dituzte, eta, prekaritateari dagokionez, berriz, Euskadiko kontraturik gehienak finkoak dira».

ELAren eta LABen eskariak ere arbuiatu ditu Cebekeko presidenteak; haren arabera, «EAEko gizarte zerbitzuak herrialde askoren inbidia dira». Gutxieneko pentsioan 1.080 eurora igotzea, adibidez, «sinplea bezain ezinezkoa» dela iruditzen zaio, eta pentsiodunen mugimendua apurtuko dutela ohartarazi die sindikatuei.

Duela aste batzuk, lau eskaera biltzen zituen txosten bat eman zieten sindikatuek Cebekeko arduradunei; proposamen horiei, berriz, ironiarekin erantzun die Garcinuñok: «Edozein patronalen eskura dauden eskakizunak dira: esan digutenez, astean 35 ordu baino gehiago lan eginez gero, gehiegizko lan karga sortzen da, eta hori kaltegarri da osasunarentzat».

%1,9ko hazkundea 2020rako

Garcinuño ez da grebaz soilik jardun; Bizkaiko ekonomiari dagozkion datu batzuk ere aipatu ditu. Cebeken aurreikuspenen arabera, Bizkaiko ekonomia %1,9 haziko da 2020an, eta 6.000 lanpostu gehiago sortuko ditu. Patronalak esan du 2019ko azken hilabeteetan ekonomiak «geldialdi bat» pairatu duela, eta «dinamikotasun falta horrek» lan merkatuan eragin duela. 2019an %2,2 hazi zen ekonomia, eta 8.200 lanpostu berri sortu zituzten Bizkaian.

Herrialdeko enpresei egin dien inkesta bat ere aurkeztu du Cebekek. Enpresaburuen %60k uste dute ona dela eskualdearen gaur egungo egoera, eta %80k, berriz, aurten soldatak mantendu edo igotzeko asmoa erakutsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.