Cebekek ohartarazi du Bizkaiko enpresen irabazi tartea asko murrizten ari dela

Lau enpresatik hiruk egoera geopolitiko ziurgabearen eragina nabaritu dute beren jardunean. Ekonomia Ituna «irudimenez» erabiltzeko eskatu du Bizkaiko enpresari elkarteak, lehiakortasunaren mesedetan.

Guillermo Buces Cebekeko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Guillermo Buces Cebekeko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko maiatzaren 12a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guillermo Buces Cebek Bizkaiko enpresari elkarteko burua aho bizarrik mintzatu da, urtero egiten duen barne inkestaren emaitzen aurkezpenean: «Enpresek dirua irabazi behar dute bizirik jarraitzeko, inbertitu ahal izateko eta lantaldeei eusteko. Etekinik gabe, gaizki goaz». Izan ere, enpresari elkarteak azaldu du irabazi marjinak asko estutu direla, eta batez ere enpresa txikiak asko sufritzen ari direla lehiakorrak izateko. Aurtengoari begira, ez du uste hazkundea etengo denik, baina iruditzen zaio urte gogorra izango dela.

Bucesek aletu du egun zerbitzuen eta produktuen prezioa dela lehiakor izateko gako nagusia, eta zaila dela lehengai guztien kostu guztiak azken preziora eramatea. Gauzak hala, marjina handitzeko modua beste nonbait aurkitu behar da: «Arazoa ez da saltzea bakarrik, errentagarritasuna galdu gabe saltzea baizik. Presio fiskala murriztu beharko litzatekeela uste dugu, eta lan kostuak arintzen lagunduko luketen neurriak hartu», nabarmendu du.

2026ko urte hasiera

%62

Aurreikusitako fakturazioa. Bizkaiko enpresen %62 esperotako fakturazioa izaten ari dira aurten. %19 espero baino gehiago saltzen ari dira, eta beste hainbestek okerrago dihardute. Sektorekako entresaka eginda, zerbitzuak dira hobekien dabiltzanak, eta merkataritzakoak, berriz, estuen.

%28

Irabazi txikiagoak. Fakturazioa eta emaitzak ez doaz beti eskutik, eta alde horretatik, emaitzen argazkia ez da salmenten bera. Enpresen %58 urte hasieran espero zuen adina irabazten ari da, %14 gehiago eta %28 dira espero baino okerrago dabiltzanak.

Kexa Espainiara begira egin du bereziki Bucesek, onartu baitu begi onez ikusi dituztela fiskalitate eremuan Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek bultzaturiko neurriak. Baina uste du urrunago irits daitezkeela: «Ekonomia Ituna erabili behar dugu, eta irudimentsuak izan. Neurri irudimentsuak har daitezke, eta arau berriak erabili hobeto lehiatzeko. Beste herrialde batzuetan badituzte, eta haiekin lehiatzeko baldintza hobeak behar ditugu».

Ondorio horiek Cebekek urtero egiten duen inkestaren emaitzak aztertuz atera ditu. Izan ere, enpresarien %58k uste dute beste merkatu batzuekiko desabantaila dutela, eta hiru ardura nagusiek susmo horretan dute oinarria: lehiakortasuna eta marjinak buruhauste dira enpresarien %89rentzat, lan kostuak eta pertsonen kudeaketa %85entzat, eta fiskalitatea %81entzat.

Horrenbestez, elkarteak egungo egoera geopolitikoaren egoeraren inguruan galdetu die enpresei: AEBetako muga zergek, Ekialde Hurbileko krisiak... eraginik ba al dute? Bada, Bizkaiko enpresen %75ek esan dute sumatzen dutela, batez ere kostuen igoeran. Industria da kaltetuena, sektore horretako hamar enpresatik hiruk %10etik gorako kostu handitzea pairatu baitute munduko egoeraren erruz.

Enpleguak eta lana

%26

Hazten ari diren lantaldeak. Bizkaiko enpresen %65en lantaldeak egonkor mantentzen ari dira aurten, %26 hazten ari dira, eta %9 murrizten. Zerbitzuen arloko enpresen %29k lantaldeak handitu dituzte, eta industria arlokoen %26k ere bai.

%91

Langile trebatuak aurkitzeko arazoak. Bizkaiko hamar enpresatik bederatzik arazoak dituzte trebaturiko langileak aurkitzeko. Bucesek nabarmendu du soldatak ez direla arazo langileak erakartzeko, profilen gabezia baizik.

25,53

Gaixo baimenen egunak, langileko eta urteko. Cebekek absentismoaren inguruan ere galdetu du inkestan. Elkartearen arabera, Bizkaiko langileek, batez beste, 25,53 egun egiten dituzte urtero gaixo baimenarekin.

Enpresen %67k energiaren garestitzea sumatu dute, %52k logistika gastuena, %45ek lehengaiena eta %21ek osagaien prezioena. «Ormuzeko krisia astebeteko kontua izango zela esaten genuen hasieran, eta dagoeneko hiru hilabete daramatza. Espero dezagun ez luzatzea, baina arrastoa hor dago», zehaztu du Bucesek. Izan ere, enpresen %45ek ezin dute gainkostu hori azken salneurrira eraman, eta %32k, berriz, zati bat bakarrik.

«Langile alfer eta enpresari esplotatzaile dikotomia amaitu egin behar da. Bi urte behar ditugu lan hitzarmen bat adosteko; horrela ezin da»

GUILLERMO BUCES Cebek patronaleko burua

Lan kostuen inguruko ardura ere aipatu du. Cebeken arabera, lan kostuak %26 handitu dira 2015az geroztik. Kostuen multzoan sartzen dira, besteak beste, KPIaren araberako soldata eguneraketak eta kotizazioak. Patronalak argitu du sindikatu gehienekin dituzten harremanak «adeitsuak» direla, baina «mamirik gabeko» bilerak izaten ari direla haiekin: «Langile alfer eta enpresari esplotatzaile dikotomia amaitu egin behar da. Bi urte behar ditugu lan hitzarmen bat adosteko; horrela ezin da». Inkestaren arabera, laneko giroa arazo da enpresen %52entzat.

2026: «erdipurdikoa» %51rentzat

Cebekek galdera asko egiten dizkie enpresei inkestan. Gehienak atzera begirakoak dira, urtearen lehen erdiari buruzkoak, hain zuzen. Baina aurrera begira ere jartzen ditu enpresak, eta zuzenean galdetu die nolako urtea espero duten. Bada, enpresen %40k uste dute 2026a urte ona izango dela, %51k erdipurdikoa eta %9k txarra. Urte hasieran %60 ziren urte ona izango zela uste zuten enpresak. Cebekek ondorioztatu du enpresek ez dutela krisi egoerarik sumatzen, baina bai ohi baino egoera zailagoa.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA