Cecobik esan zuen denden laurdenak itxiko zirela, eta uste du «motz» geratu zela

Bizkaiko merkatarien elkartearen arabera, iaztik hona %60 jaitsi dira salmentak, eta irailetik aurrera ugaritu egingo dira saltokien porrotak

Bilboko denda bat, pertsiana itxita, konfinamenduaren garaian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Industriaren atal batzuk bere onera itzultzen ari direla dirudi, baina ezin da halakorik esan merkataritzari buruz. Bizkaiko merkatarien patronalak, Cecobik, ziurtatu du batez beste iazko salmenten %60 galdu dituztela aurten. Gainbehera hain da handia, «motz» geratzekotan baitagohark aurretik egin zuen iragarpen ezkorra, hau da, urtea amaitzen denerako denden %25 behin betiko itxiko dituela koronabirusaren krisiak.

«Etorkizuna oso kezkagarria da», esan du Pedro Campo Cecobiko presidenteak. Bereziki arduratuta dago hirietako auzoetako eta herrietako dendekin, hiriguneetakoak baino gehiago sufritzen ari dira eta. Onartu du, ordea, sektore batetik bestera badela aldea, eta badirela salmenten amiltzeari izkin egin dioten bi arlo: elikadura dendek «gutxi gorabehera eutsi egin diote», eta etxebizitzetarako ekipamendua saltzen dutenek «suspertze positibo bat izan dute».

Campok uste du irailetik aurrera iritsiko dela «okerrena», eta orduan bizkortuko dela saltokien itxiera, betiere ez badago aldaketa handirik pandemian. Horretarako itxaropen handirik ez du azaldu, eta «pertsona askoren mugarik gabeko arduragabekeriari» egotzi dio errua, gazteei bereziki. «Nik uste nuen beste balio batzuk zituen gazteria genuela, baina, gutxiengo bat diren arren, erakusten ari dira ezerk ez dituela arduratzen».

Aldi baterako enplegu erregulazioetarako baldintza bereziak «gutxienez urte bukaeraraino» luzatzeko eskatu du Cecobiko arduradunak. «Horrela ez bada egiten, milaka enpresaburu txiki ixtera behartuta izango dira». Haren esanetan, «eskariaren arabera ari dira langileak lanera itzultzen, baina eskaera normalaren %50 gaudenez, ezinezkoa da langile guztiak berriro hastea, hori egiteak enpresa ixtea dakarrelako».

%14,1 gutxiago

Eustatek joan den astean kaleratutako datuen arabera, aurtengo bigarren hiruhilekoan iaz baino %14,1 gutxiago saldu zuten Bizkaiko txikizkako merkatariek, eta %15,5 EAEko hiru lurraldetakoei. Ostatuak eta jatetxeak hainbat astez itxita izateak eragin du elikagaien salmenta %5,3 handitu izana EAEn, baina igoera horretaz kate handiak baliatu dira gehien. Beste produktuak saltzen dituztenek %31ko jaitsiera izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.