Bi hautagaitza aurkeztu diren arren, UGT-Euskadiko XI. kongresuaren atarian sindikatuaren batasun irudia plazaratu nahi izan du Raul Arza egungo komunikazio arduradunak: «Sindikatua langileen arazoekin kezkatuta dago, eta ez barneko antolakuntzakoekin». Sindikatua gidatzeko hautagaietako bat da Arza, Pilar Collantes Jaurlaritzaren aurreko legealdian Osalaneko zuzendari izan zenarekin batera. Batasun irudia plazaratu nahi izan duten arren, bi hautagaiek ez dute elkarrekin hitz egin, Collantesek onartu duenez. Gertaera horri garrantzia kendu nahi izan dio Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak: «Garrantzitsuena ez da kongresua nola hasi den, nola amaituko den baizik». Horregatik, kongresura bi hautagaitza aurkeztu izana «normaltasunaren sintoma» dela uste du.
Damaso Casadok hamaika urte egin ditu UGT-Euskadiren buruan, eta azken laurak egoera «ezegonkorrean» egin izana onartu du. Baina etorkizunean ere sindikatuak erronka garrantzitsuak izango dituela gogorarazi die bertan bildutako ordezkariei: «Eskubideen murrizketak, edo langabezia mailaren etengabeko hazkundea mehatxuak dira. Horrek guztiak mugimendu aldaketa eskatzen du, eta, horretarako, batasuna ezinbestekoa da». Eta batasun hori azken lau urteen kudeaketari emandako babesean islatu da. Batzorde eragilearen kudeaketa%75eko babesarekin onartu da kongresuaren lehen egunean, eta Espainiako batzorde nazionalekoa ere onartu dute, botoen %70ekin.
Bi hautagai aurkeztu diren kongresutik sindikatua indartuta eta aktibo irten dadila eskatu du Casadok. Horretarako, gaur egingo den bozketara itxaron beharko da, bi proposamen ezberdin baitaude mahai gainean. Collantesek gizartearekin irekiagoa den sindikatu bat eskatu du, «hiritarrekin elkarrizketan» egongo dena. Arzak, bestetik, kongresutik sindikatu «indartsu» bat irtetea nahi du, lantokietan zeresan handiagoa izateko.
Alde horretatik, Mendezek esan du sindikatuak duen indarra ez dela enpresetako ordezkari kopuruetan islatzen: «Egia da euskal sindikalgintzan egoera ezberdina dela [ELA eta LABi erreferentzia eginez], baina Nafarroako ereduaren antza handia dauka hemengoak», esan du. Horregatik, indar sindikatuak berez duen gaitasun hori irudikatzea eskatu du. Nafarroan, ordea, lehen indarra da UGT, eta EAEn laugarrena. Hau da, 39.000 afiliatu dauzka Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresetan, eta horiek, XI. kongresuan parte hartzen ari diren 254 ordezkarietan irudikatu dira.
Gobernu aldaketa
Azken urteetako ibilbideari begiratua egiteko garaian, Casadok Patxi Lopezen gobernuarekin lortutako akordioak nabarmendu ditu. «Mariano Rajoyren murrizketak ez zituen onartzen», esan du. Urkulluren gobernuari, ordea, kritika egin dio: «Eragile ezberdinekin banan-banan izaten ari den bilerak egin beharrean, hobe izango luke egoera berriro bideratzeko batzar bakar bat egingo balu», esan du.
Collantesen eta Arzaren sindikatu ereduak, aurrez aurre UGTren XI. kongresuan
Sindikatuaren kongresuak %75eko babesarekin onartu du Casadoren azken agintaldiko kudeaketa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu