Sindikatuak, ordea, ez dira hain gustura, Commerzbankek iragarri baitu gaur egun bi taldeek dituzten 67.000 langileetatik 9.000 kalera joango direla. «Epe luzera lanpostu erakargarri asko gordetzeko» baldintza da, Martin Blessing Commerzbankeko presidentearen hitzetan.
Kaleratzeetako asko Londresen izango dira, han baitu bi egoitzetako bat Dresdner Kleinwortek, erositako bankuaren inbertsio adarrak. Azken hori arrisku handietan sartu da, eta galera handiak ekarri dizkie Dresdnerri eta haren jabe Allianz aseguru etxeari. Commerzbankek, berriz, nahiago du banka komertzialean zentratzea, hau da, enpresen eta herritarren finantzaketan indarra jartzea. Arlo horretan dagoeneko Alemaniako bankuetan handiena da Commerzbank, Deutsche Bankek finantza inbertsioetan eta atzerrian duelako indar gehien. Dresdnerri esker, Commerzbankek12 milioi bezero eta 1.800 bulego. Horietako 300 baino gehiago itxiko ditu.
Merkatuek zigortu egin dute Commerzbanken operazioa eta akzioak %9 egin zuen behera atzo, krisi garaian bankuak arrisku handiegia hartu duelakoan.
Merkatu sakabanatua
Banku sistema kontzentratzen ari den garai honetan oso atzean geratu dira Alemaniako bankuak. Herritarren diruaren zati handi bat aurrezki-kooperatibek eta aurrezki kutxa publikoek gordetzen dute, eta banku komertzial gehienak eskualde mailakoak dira.
Gainera, bankuen artean handienek ez dute parte hartu azken urteotako fusioetan. Ondorioz, txiki geratu dira atzerriko lehiakideekin alderatuta. Burtsan duen balioari erreparatuta, Deustche Bank munduko 32garrena da. Commerzbank, berriz, 84garrena. Horrek esan nahi du atzerriko banku erraldoien menpe geratzeko arrisku handia dutela. Zurrumurruen arabera, Santanderrek, Intesa Sanpaolok eta INGk Commerzbankez jabetzeko gogoa bazuten. Dresdner Bank erosita, hortaz, bere burua defendatzeko aukera handiagoak ditu Commerzbankek.
Beraien mugen barruan sortu zaizkien aukerak ere galdu dituzte Alemaniako bankuek. 2005ean Italiako UniCreditek erosi zuen HypoVereinsbank. Duela gutxi, Deutsche Bank saiatu zen Citigroupen adar alemaniarra erosten, baina Credit Mutuel frantziarrak eskaintza hobea aurkeztu zuen.
Gobernuak espero du Commerzbank indartuak lagundu egin diezaiokeela enpresa ertain eta txikiek behar duten finantzazioa ematen, Deutsche Bank nagusiki inbertsio banku gisa jokatzen duelako.
Datua
9.800 MILIOIOrain merkeago. Commerzbankek 9.800 milioi euro pagatuko dizkio Allianzi Dresdner Banken truke, hau da, banku horren truke 2001ean pagatu zuen baino ia 14.000 milioi gutxiago. Allianzek Dresdnerren %30 gordeko du oraingoz, haren bidez bere aseguruak saltzen jarraitzeko.