Confebask gutxieneko soldata propioa negoziatzera behartzeko azken ahalegina, epaileen esku

ELAk eta LABek jarritako demanda aztertu dute EAEko Justizia Auzitegiko epaileek. Patronalaren jarrera ikusita, Eusko Jaurlaritza «argudiorik gabe» geratu dela nabarmendu dute bi sindikatuek.

Sindikatuetako eta patronaleko abokatuak, gaur, EAEko Auzitegi Nagusian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sindikatuetako eta patronaleko abokatuak, gaur, EAEko Auzitegi Nagusian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negoziazio mahai batean ez bada, epaitegian. Confebask gutxieneko soldata propio bat negoziatzera behartzeko azken ahalegina egin dute ELA eta LAB sindikatuek gaur. EAEko Auzitegi Nagusian egin dute hori, Garbiñe Biurrun magistratua buru duen epaimahaiaren aurrean. Patronalak negoziatzeko legezko obligazioa duela uste dute bi sindikatuek, eta hala argudiatu zuten epaitegian jarritako demandan.

Azaldu dutenez, lau aldiz saiatu dira Confebaskekin EAErako gutxieneko soldata ezarriko lukeen akordio bat egiten, baina, haien arabera, patronalak uko egin dio bai negoziazioa abiatzeari bai horretarako mahai bat eratzeari. Sindikatuen ustez, jarrera hori hartuz legea urratu du. Epaiketan, sindikatuek gogoratu dute azkenengo lan erreformatik Langileen Estatutuaren 84. artikuluan berariaz jasotzen dela erkidego mailako lanbide arteko hitzarmenek lehentasuna dutela, eta, ondorioz, aldeek negoziatzeko obligazioa dutela halako akordio bat proposatzen denean.

Sindikatuen esanetan, ez da Confebaskek hala jokatzen duen lehen aldia. Antzera egin du lehen aldiz negoziatu nahi izan diren beste lurralde hitzarmen batzuekin ere, hala nola kimika sektorekoarekin, enplegu zentro berezietakoarekin, etxeko langileenarekin eta euskaltegietakoarekin. ELAk eta LABek salatu dutenez, estatu mailako hitzarmenak lehenesten ditu patronalak, horrek «langileak muturreraino esplotatzeko» aukera ematen diolako patronalari: «Horregatik egiten dio uko EAEn negoziazio kolektibo berriak irekitzeari».

Greba, «inoiz baino zilegiagoa»

Auzi honek, sindikatuen ustez, agerian uzten du, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere. Eusko Legebiltzarrean gobernuko kide direnek, EAJk eta PSE-EEk, atzera bota zuten gutxieneko soldata propioa ezartzeko sindikatuek aurkeztu zuten herri ekinaldi legegilea, 138.495 herritarrek sinatua. Egitasmo horren helburua zen gutxieneko soldata ezartzeko eskumena Madrildik Hego Euskal Herriko erakundeetara ekartzeko eskaera egitea, baina, gobernuko bi alderdien ustez, ez dute hori eskatzeko lege babesik —gauza bera argudiatu zuten Nafarroako Parlamentuan—.

Dena den, gutxieneko soldata bertan erabaki ahal izatea defendatu zuten, baina horretarako bidea lanbide arteko akordioak direla adierazi zuten, sindikatuen eta patronalaren artekoak alegia, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu Sailak berak azterketa bat egin zuen hori defendatuz. Haatik, sindikatuek gogoratu dute bide hori egiten saiatu direla, baina Confebaskek behin eta berriz uko egin diola. Patronalak, berriz, argudiatu du hark ez duela ezetzik esan, baina baldintza batzuk jarri zituela: negoziazioa elkarrizketa sozialerako mahaian egitea eta lan absentismoa ere hizpide izatea.

ELAren eta LABen arabera, nazioarteko egoerak ere ez du justifikatzen patronalaren jarrera: gogoratu dute OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea osatzen duten hamar herrialdetik bederatzik gutxieneko soldata lege bidez ezartzen dutela, halako erabaki bat patronalaren esku uzteak dakartzan arriskuengatik. Sindikatuen iritziz, Eusko Jaurlaritzak Confebaski eman nahi dio «monopolio» hori, eta horregatik egiten dio uko eskumen hori eskuratzeari.

Horiek hala, bi sindikatuek azpimarratu dute martxoaren 17rako deitutako greba orokorra «inoiz baino zilegiagoa eta beharrezkoagoa» dela. Haien ustez, mobilizazio hori izango da enpresarien eta alderdi politikoen jarduna baldintzatzeko tresna nagusia, eta «Hego Euskal Herriko langileen kohesio soziala posible egin dezakeen» gutxieneko soldata propioaren aldeko eskumena lortzeko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.