Confebaskek kargu hartu dio Biurruni

Luxenburgoko ebazpena dela-eta, Roberto Larrañagak «zuhurtzia» eskatu dio EAEko Auzitegi Goreneko epaileari: «Sententziak ezin dira aurreratu». Garbiñe Biurrunek ukatu egin du aurreratu duela

xabier martin
Donostia
2016ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Euskal patronalak ez du begi onez ikusi EAEko Justizia Auzitegi Gorenak langileen kalte-ordainei buruz eman duen azken sententzia, Luxenburgok ezarritako ildoa aplikatuz. Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak auzitegi horretako gizarte arloko presidenteari kargu hartu zion atzo Radio Euskadin, aldi baterako kontratua eta finkoa daukaten langileen kalte-ordainak berdintzen duen ebazpenaz hitz egin zuelako aurreko astean. Larrañagak «zuhurtzia eta ekuanimotasun handiagoa» ikusi nahi ditu Biurrunen adierazpenetan, «ezin direlako aurreratu» auzitegiek kalte-ordainen inguruan hartuko dituzten erabakiak.

EAEko Justizia Auzitegi Goreneko epaileak halakorik egin al du, ordea? «Inolaz ere ez», esan dio Biurrunek BERRIAri. Epaileakuste du Luxenburgok emandako sententzia aplikatu behar dela, eta langile guztiak euren eskubideak defendatzera animatu zituen, «guztion eskubide konstituzionala delako». «Nik ez dut esan epaitegiek zer erabakiko duten aurrerantzean, eta argi dago Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak ezarriko duela joera», azaldu du.

Enplegu sorrera dela eta

Confebaskeko buruak, ordea, langileak auzitara jotzeko dei hori gaizki hartu du, eta, areago, enplegu sorrerarekin lotu du. Luxenburgoko epaiak «zalantza gehiago» eragiten duela uste du, eta enpresariek «enpleguasortzen jarraituko duten arren batek baino gehiagok bi aldiz pentsatuko duela»; inor kontratatu aurretik, esan nahi baita. «Enpleguari buruzko erabakiak hartzean, tentuz ibili beharko dugu, ez baitakigu gero zer gertatuko den».

Aldi baterako kontratua eta finkoa dutenen kalte-ordaina berdintzeko agindu zuen Europako Justizia Auzitegiak joan den irailaren 20an. Espainiako araudian aldaketak eragin ditzake agindu horrek, eta EAEko Justizia Auzitegi Gorenak aurreko astean administrazioan aritutako langile baten kalte-ordaina 12 egunetik 20ra eraman zuen. Egun berean, arlo pribatuko langile bati ere arrazoi eman zion auzitegi berak, Luxenburgoko ebazpenean oinarrituta.

«Gure ebazpenak ez dira lotesleak, gure auzitegirako salbu», dio Garbiñe Biurrunek. Horretan bat dator Larrañaga; beste epaile batzuk beste erabaki batzuk har ditzaketela uste du Confebaskeko buruak. Larrañagak badaki Espainiako Auzitegi Gorena eta Justizia Ministerioa Europako ebazpena aztertzen ari direla, baina ez daki «zein norabidean» aldatuko duten legea. Alegia, langileen arteko kalte-ordainen berdintzea azpitik egitea ere ez duela baztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.