Confebasken arabera, genero arrakala %9koa da

Sektoreen artean alde handiak daudela azaleratu du inkesta batean: industrian %3koa da eta %21ekoa zerbitzuetan. Kristalezko sabaia argi antzematen da emaitzetan.

Langile bat paper bobina bat ikuskatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Langile bat paper bobina bat ikuskatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 6a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Confebask enpresari elkarteak genero arrakala eta emakumeek enpresetan hartzen dituzten ardurak aztertu ditu bere azken inkestan, eta kopuru bat jarri dio gizonezkoek eta emakumezkoek irabazten duten soldaten arteko aldeari: %9. Inkesta erantzun duten enpresen arabera, gizonezkoek batez beste 3.106 euro gordin irabazten dute hilabetean; emakumeek, berriz, 2.903 euro —ez du zehazten hamabi edo hamalau ordainketa diren—.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 265 enpresak erantzun dute patronalaren inkesta, eta Confebaskek alde handiak atzeman ditu sektorearen arabera. Industrian, esaterako, arrakala %3koa da; zerbitzuen sektorean, berriz, %21,5ekoa.

Soldaten banaketan ere alde nabarmenak daude. Gizonezkoen %43,4k 45.000 euro baino gehiago irabazten dute urtean; emakumezkoak, berriz, %30,3 dira. Beste muturrean, aldiz, aldea txikiagoa da. Emakumeen %3,1ek 18.000 euro baino gutxiago irabazten dute, eta gizonezkoen %2,4k.

Non egiten dute lan emakumeek, zein postutan? Bulegariak dira batez ere. Administrari postuetan gehiengo handia dira, %64 baitira emakumeak, (laguntzaileak, idazkariak...). Ekoizpenean, berriz, %19 dira: %28 zerbitzuen sektorean eta %12 industrian.

%11

Zenbat emakume informatikari dauden. Informatika zerbitzuetan dago genero arrakala handienetako bat. Informatikarien %11 baino ez dira emakumeak, hala industrian, nola zerbitzuetan.

Aginte postuei dagokienez, askoz gizonezko gehiago ari dira horietan. Confebaskek mailen arabera galdetu du, eta hauek dira emakumeen batezbestekoa ardura handieneko hiru mailetan: administrazio kontseiluetako partaideen %18 dira —industria sektorean %13—, zuzendaritza organoetako kideen %28 eta tarteko aginte postuen %23.

Hautagaitza prozesu ez-parekideak

Tamara Yague Confebaskeko presidenteak alde horiek kritikatu ditu ikerketaren aurkezpenean, eta eztabaida mahai gainean jarri behar dela esan, haren ustez «polarizatua» dagoen arren. «Justizia egiteko garaia da, talentuak ez duelako generorik», eta zera gaineratu du: «emakume argi batek gizon batek halako bi frogatu behar du haren erdia lortzeko».

Beste auzi batzuei buruz ere galdetu dute, eta enpresen %55ek onartu dute ez dituztela hautagaitza parekideak bermatzen egiten dituzten lan eskaintza guztietan. Aldiz, %35ek aurkakoa diote.

Emakumezkoen lanaldiari dagokionez, %32k baino ez dute lanaldi osoa eta ordutegi jarraitua, alegia zazpi edo zortzi ordu eta etenik gabe. %46k lanaldi zatitua dute, eta %22k, malgua.

Aurkezpenaren ondoren Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak hartu du hitza. Berdintasunaren arloan emaniko pausoak nabarmendu ditu, baina ohartarazi du datuek erakusten dutela «oraindik bide luzea» dagoela egiteko, soldata arrakala oraindik hor dagoelako —sailburuak esan du %12,81ekoa dela—, lanaldi partzialak batez ere emakumeek betetzen dituztelako eta kristalezko sabaia oraindik hor dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.