Dagoeneko 37 banku daude euroari lotutako kriptodiru egonkor indartsu bat sortzeko partzuergoan

Qivalisek jakinarazi duenez, Kutxabankek eta beste bi dozena entitatek bat egin dute partzuergoarekin. Asmoa da dolarrei lotutako kriptodiru egonkorren nagusitasunari aurre egitea.

Kutxabankek bat egin du euroari lotutako kriptodiru bat sortzeko Qivalisen proiektuarekin. Irudian, Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kutxabankek bat egin du euroari lotutako kriptodiru bat sortzeko Qivalisen proiektuarekin. Irudian, Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irune Lasa.
2026ko maiatzaren 20a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako banku nagusiek bat egin dute euroari uztartutako kriptodiru egonkor indartsu bat sortzeko. Helburua: dolarretan izendatutako kriptodiru egonkorren ia erabateko nagusitasunari muga jartzea Europan.

Qivalis partzuergoak izugarri handitu ditu nagusitasun horri aurre egiteko gai izango den lehiakide europar indartsua berak jaulkitakoa izateko aukerak. Izan ere, iragarri du urtea amaitu aurretik jaulkiko duen kriptodiru egonkorra beste 25 finantza entitatek sustengatuko dutela. Tartean daude Kutxabank eta Euskal Herrian presentzia handia duten beste bi banku, Abanca (Bankoa) eta Sabadell (Guipuzcoano).

Aurretik, Qivalis partzuergoan zeuden, besteak beste, BBVA, BNP Paribas eta Caixabank. Lehendik barruan zeuden entitateak kontuan hartuta, orain 37 dira Qivalis partzuergoa osatzen duten Europako bankuak.

Kriptodiru egonkorren erabilerak abiada bizian egin du gora munduan. Orain sei urte zirkulazioan zeuden kriptodiru egonkorren balioa 10.000 milioi dolarrekoa zen; gaur egun 300.000 milioi dolar ingurukoa da. Eta kriptodiru egonkor horiek nagusiki AEBetako dolarrari lotuta daude.

Gaur egun, egon badaude euroari uztartutako kriptodiru egonkorrak, baina oso gutxi erabiltzen dira dolarrei uztartuta mugitzen direnen aldean; %0,2 dira zirkulazioan dauden kriptodiru egonkor guztien artean. Gainera, nagusitasun horrek zuzenean eragiten dio euroguneko finantza sistemari.

Arriskuak

Kriptodiruak finantza sisteman gero eta gehiago erabiltzen direla eta, tokia hartzen ari dira Europako bankuen negozio tradizionalean, eta EBZko presidente Christine Lagardek berak oharra egin du «dolarizazio digitalaren eta diru burujabetza galtzearen» arriskuez. Esaterako, baliteke dolarizazio gero eta zabalagoak euroguneko diru politikaren gaineko kontrola bera ahultzea.

Europako bankuentzat, berriz, euroari uztartutako kriptodiru egonkor indartsu bat izatea aukera handia da, bidea ematen dielako halako tresnen abantailak segurtasun handiagoz baliatzeko. Oraingoz, kriptodiru egonkorrak mugaz gaindiko ordainketak egiteko erabiltzen dira nagusiki, modua ematen baitute tramite gutxiago egin eta kostu txikiagoak izateko. Baliagarri izan daitezke likidazioetan eta bermeen kudeaketan prozedurak bizkortzeko eta kostuak murrizteko ere.

zer dira kriptodiru egonkorrak?

Kriptodiru mota jakin bat dira kriptodiru egonkorrak, eta haien balioa dibisa batekin uztartuta dago normalean. Nola? Kriptodiru horrentzako aingura moduan jokatuko duten aktibo errealei lotuz (dibisak, bonu subiranoak, lehengaiak, urrea...). 

Ezaugarri horri esker, diru horien kotizazioa askoz egonkorragoa da bitcoin, ether eta beste kriptodiruen ondoan. 

Horrek, hala ere, ez du arriskua ezabatzen; kriptodiru egonkor hori zein aktibo errealekin lotu den, horren araberakoa izango da arriskua. Dena den, egonkortasun horri esker, kriptodiru egonkorrak asko zabaldu dira azken urteetan. 

Bide bat dira salerosleak kriptodiruetan sartu eta haietatik ateratzeko. Kriptodiru egonkor gehien-gehienak dolarretan daude izendatuta, eta bi jaulkitzailek kontrolatzen dute merkatuaren ia %90: Tether-ek eta Circle-k. Tetherrek El Salvadorren dauka egoitza, eta Circlek AEBetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE