Espainiako Ogasun Ministerioak aurreratu zuen defizit kopurua ia osorik onartu du Eusko Jaurlaritzak. Behin-behineko itxiera barne produktu gordinaren %2,54 da — Ministerioak jakinarazi baino 0,02 puntu gutxiago—, 1.672 milioi euro. Alegia, aurrekontuetan finkatu zena baino 816 milioi gehiago. Datuak eskuetan, helburua bera zalantzan jarri du Patxi Lopezen gobernuak, eta ezin dela «sakratutzat jo» ohartarazi du.
Zenbaki orokorretan antzekoak izan arren, Espainiako Gobernuak emandako datuei hainbat ñabardura egiteko agerraldia egin zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, gobernu kontseiluaren ondoren. Defizitaren parte handi bat administrazio orokorraren kontroletik kanpo azaleratu zela eta ez duela gastu gehiago eragin ziurtatu zuen Agirrek. Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 420 milioi euro kontularitza egokitzapenak dira, altxortegian eraginik izan ez dutenak. Diru hori aintzat hartu gabe, defizita %1,9 litzateke. «Iazko aurrekontu errealitateari ondo egokitzen zaion kopurua da», Agirreren aburuz.
Horrekin batera, iazko defizitak ez duela hurrengo urteetan inolako eraginik izango azpimarratu du gobernuak. Hots, guztia ordainduta geratuko da, eta ez dira gastuak beste aurrekontu batzuetara lekualdatuko. Era berean, tiraderan ez dela fakturarik geratu berretsi zuen Ogasun sailburuak.
Defizit desorekaren arrazoi nagusia diru sarreren jaitsiera izan dela ziurtatu zuen Agirrek. Hala, zerga bilketak mila milioi euroko zuloa utzi ondoren, 650 milioi euro gutxiago eskuratu zituen Jaurlaritzak, BPGaren %1. «Joan den urtean gastua kontrolatzeko ahaleginean ondo aritu ginen, baina benetan erori dena diru sarrerak izan dira».
Zerbitzuek defizit konpromisoen gainetik egon behar dutela defendatu zuen sailburuak. «Oinarrizkoak direla uste dugun zerbitzuak emateari ez uzteko mailan gelditu dugu ahalegina», haren hitzetan. 2012. urteari dagokionez, defizit helburua berriro ere %1,3 izango da, eta oraingo honetan beteko dela espero du gobernuak, betiere ekonomia atzeraldi sakon batean ez bada erortzen.
EAJren kritikak
Defizitaren datua Patxi Lopezen gobernuaren aurka egiteko baliatu nahi izan du EAJk. Atzo, Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko jeltzaleen bozeramaileak «kudeaketa txarrari» egotzi zion iaz izandako gehiegizko defizita. Egibarren ustez, Lopezen gobernuak ez du epe ertainerako plan ekonomikorik, ezta jarduera aktibatzeko neurririk ere. 2015. urteko aurrekontuetan zorrak eragingo duen gastua 800 milioi eurora igoko dela salatu zuen Egibarrek, gainera.
Zorpetze mailarekin ez dagoela arazorik uste du Ogasun sailburuak, ordea. Gaur egun, interesak ordaintzeko 230 milioi bideratu behar ditu urtero, gastu orokorraren %2,5. Agirrek kargu hartu zion EAJri, zerga sistema aldatzeko eztabaida bera irekitzeari uko egiteagatik.
Nafarroan, berriz, Espainiako Ogasun Ministerioak emandako defizita zalantzan jarri zuen Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak. Kopurua %1,2 edo %1,7 izango zela aurreratu zuen Mirandak, Pirinioetako autobidearen itzaleko bidesaria aintzat hartuta edo ez, baina azkenean %1,89 izan da. Nondik atera den zenbaki hori ez dakiela ziurtatu zuen Mirandak.
Iazko defizita finkatu ondoren, aurten asko jota gastatu ahal duen dirua finkatuko du etzi Espainiako Gobernuak. Erabaki horretan ikus liteke lehen aldiz ezarri nahi duen murrizketaren neurria.
Defizita justifikatu du Jaurlaritzak, «zerbitzuak emateari ez uzteko»
2011. urteko defizit globala %2,54 izan zela onartu du Lopezen gobernuak, baina emaitza «erreala» %1,9ra mugatu duNafarroan %1,89ko emaitza nondik atera den ez dakiela dio Miranda kontseilariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu