Defizitari esker, beste 93 milioi euro izango ditu Nafarroako aurtengo aurrekontuak

5.836 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du gobernuak, iaz baino %10 gehiago, eta ehun eurotik 51 gastu sozialerako izango dira. EH Bilduk proposatutako diru sail guztiak jaso dituzte dokumentuan.

NAV PARLAMENTO
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Maria Txibite lehendakaria eta Felix Taberna presidenteordea. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 10a
16:10
Entzun

Nafarroako Gobernu kontseiluak 5.836 milioi euroko aurrekontu legearen aurreproiektua onartu du gaur eguerdian; 2023an baino 597 milioi gehiago. Azaroaren hasieran aurkeztutako gastu mugarekin alderatuta, beste 93 milioi euro izango ditu: batetik, Espainiako Gobernuak baimendutako BPGaren %0,3ko defizit publikoaren ondorioz, eta, bestetik, Europako Next Generation funtsen erabilpenean izandako egokitzapenaren ondorioz.

Kontseilu osteko agerraldian, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du testuinguru ekonomikoa «ezegonkorra eta zalantzazkoa» dela, baina finantza publikoen egoera ona dela. Koadro makroekonomikoari begira, %1,4ko hazkundea eta %3,4ko KPIa aurreikusi ditu gobernuak. Pozik azaldu da, Airef Espainiako Erantzukizun Fiskalerako Agintaritzak aurkeztutako aurreikuspen horiek babestu dituelako.

Iazko kontuak «superabit txiki batekin» amaitzea espero dute. «Uste dugu aurten ere gastatutakoa baino diru sarrera handiagoak izan ditzakegula, baina oso zuhur jokatu nahi dugu, eta datu horiekin ez dugu jolastu nahi». Aurreratu du zorra murrizten jarraitu nahi dutela. «Iaz ez genuenez defizitik izan, ez ginen zorpetu, eta amortizatu egin dezakegu. 2024an ere, defizita izateko tartea badugu ere, nahi genuke zorpetzen ez jarraitzea».

«Aurten ere gastatutakoa baino diru sarrera handiagoak izan ditzakegu, baina oso zuhur jokatu nahi dugu, eta datu horiekin ez dugu jolastu nahi».

JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria

Halaber, kontseilariaren esanetan, aurten ere beste koska bat gehiago izango du gobernuak gastu eta inbertsio publikorako, %10ekoa baita igoera zehazki. 2017tik hona, 2.105 milioi euroko jauzi esanguratsua eman du, baina diruaren banaketa aldatu egin da aurten. Zazpi urteko tarte horretan, gastu soziala aurrekontuaren %53 eta %55 bitartekoa izan zen. Aurten, aldiz, Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte Eskubideen departamentuek %51,4 jasoko dute.

Akordiorik ez, oraingoz

Oraindik ez dago akordio politikorik EH Bildurekin. Abenduaren 22an bildu ziren lehenbiziko aldiz koalizio abertzaleko ordezkariak gobernuko hiru presidenteordeekin —Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro—. Laura Aznalen arabera, «sintonia oneko» bilera izan zen, eta egiaztatu ahal izan zuten eurak direla oposizioko alderdien artean gobernuaren «solaskide bakarrak». Ordutik «intentsitate handiz» ibili dira negoziatzen. Gobernuko departamentu bakoitzak landutako zirriborroak zuzen-zuzenean ezagutu ditu EH Bilduk, eta bere proposamenak egin ditu.

Arastik onartu du koalizioaren ekarpen «asko» jaso dituztela, baina ez du argitu zeintzuk. Alta, bilkura amaitu eta ordubete geroago, Aznalek baieztatu du eurek proposatutako diru sail guztiak bildu dituela agiriak. Batik bat gizarte gastuetan eta energiaren arloan egin dituzte ekarpenak. Dena den, oraindik ez da akordiorik, «legealdiari begirako konpromiso politikoa» hitzartu nahi dutelako. Beraz, EH Bilduk aurtengo aurrekontuak ahalbidetzeko arazorik ez da egongo, baina bi aldeak hurrengo lau urteetarako itunaren bila ari dira.

Geroa Baik azpimarratu du gaurkoa «lehen urratsa» dela, eta aurrekontuak izatea «funtsezkoa» dela gizarte zerbitzuak eta lurralde kohesioa sendotzeko eta garapen ekonomikoa bultzatzeko. Osasun Departamentua Geroa Bairen agintepean dago, eta, iazkoarekin alderatuta, %10 handitu da aurrekontua. Udako negoziazioetan, PSNri finantzaketa nahikoa izatea eskatu zioten, eta uste du hori lortu dutela: «Helburua da itxaron zerrendak murriztea, ikerketa eta garapena bultzatzea eta osasungintza publikoan inbertsio estrategikoak egitea».

Aurreproiektua onartuta, haren edukia aurkeztu behar diete Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialari, Ingurumen Kontseiluari eta Toki Erregimeneko Foru Batzordeari —hiru organo horietan ordezkatuta daude hiru alor horietako eragileak—. Gobernuaren asmoa da lege proiektua urtarrilaren 19an bidaltzea parlamentura eta martxoaren 7ko osoko bilkuran onartzea.

Gakoak

  1. Next Generation: Europako funtsetatik 172,9 milioi helduko dira: 276.000 COVID-19ari aurre egiteko React funtsetik, eta gainerako guztia susperraldirako eta erresilientziarako MRR funtsetik.

  2. Udalak: 315 milioi euro banatuko dira udalen artean, gastu arrunta finantzatzeko.

  3. Obra publikoa: Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko lanetarako 20,6 milioi euro inbertituko dira. N-121 errepidea eta AHTa izango dira beste inbertsio handiak. Errepideen mantentze lanetarako, 40 milioi.

  4. Hezkuntza eta NUP. Hezkuntzak iaz baino 48 milioi euro gehiago izango ditu. NUPek, orotara, 102 milioi, eta unibertsitateko beketarako, 3,6 milioi.

  5. Enplegua. Nafar Lansare eta enplegu politika aktiboetan 67 milioi euro erabiliko dira.

  6. Ekarpena. Bere gain hartu gabeko eskumenengatik 702 milioi euro garbi pagatuko dizkio estatuari Nafarroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.