DEFLATAZIOA

2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ezarri nahi duten neurriari errenta zergaren tarifa deflatatzea deitzen zaio teknikoki.
Zer da deflatatzea? Zergadunei inflazioaren igoeraren eragina leuntzeko neurri bat da, erosahalmena gal ez dezaten. Soldatak eguneratzean KPIa erreferentzia gisa erabiltzen denez, neurri horrek zerga ere igoera horretara egokitzea bilatzen du.
Ez deflatatuz gero zergatik gal daiteke erosahalmena? Errenta zerga progresiboa da. Zerga atxikipenen taulan, zenbat eta gehiago irabazi orduan eta tasa handiagoa ordaintzen da. Hala, inflazioaren ondorioz, errenta neurri berean edo antzekoan igo bada, gerta daiteke tarte batetik bestera igotzea eta zerga handiagoa ordaindu behar izatea. Neurriak inflazioaren kaltea leuntzen du.
KPIaren eta zergaren arteko erlazioa automatikoa al da? Ez. KPIa erreferentzia gisa erabiltzen da soldata igoeretan, baina horrek ez du esan nahi sektore eta lan guztietan KPIa adina edo gehiago igo direla langileen soldatak —zergadun kopuru handieneko taldea, alegia—. Nafarroan, kasurako, iragan urte amaierako KPIa %6,6koa izan zen, eta funtzio publikoan soldatak %2 igo ziren, eta soldatak, oro har, %3,1 batez beste. Lan munduan uneotan dagoen auzietako bat da zenbat igoko diren soldatak eta nola doitu igoera KPIra. Tarifaren deflatazioarekin lortzen da errentaren igoera KPIaren igoerara bederen gerturatzea.
Nola eragiten dio deflatatzeak atxikipen taulari? Urteko errentaren arabera, ehuneko bat atxikitzen da. Seme-alabarik ez duen langile bati, urtean 23.340 irabaziz gero, %13ko atxikipen tasa aplikatzen zaio. Tarifaren tarte guztiak deflatatuta, aurreko tartera pasatuko da, eta %13 atxiki beharrean %12 atxikiko zaio. Horrek esan nahi du hileko soldata puntu bat gehiago hobetuko zaiola eta diru gehiago izango duela patrikan, beraz.
Ba al da diferentziarik soldata apalen eta handien artean? Ez. Deflatazioa tarifaren tarte guztietan aplikatuko denez, %4ko deflatazioa errenta handiek ere nabarituko dute. Adibidez, urtean 87.000 euroko errenta eta hiru seme-alaba dituen familia bati, %29 atxikipena aplikatu ordez, %27koa ezarriko zaio orain.
Nori egiten dio mesede handiagoa? Eztabaidagarria da hori, neurria zergadun guztiei begira egin baita. Alta, errenta handiek aukera handiagoa dute soldataren igoera edo irabazia KPIra egokitzeko edo handitzeko, eta, ondorioz, haiei mesede handiagoa egingo lieke.
Zenbat deflatatu dute Hego Euskal Herriko ogasunek? Jaurlaritzak eta aldundiek, atzoko neurria iragarri aurretik, urrian %1,5 deflatatzea erabaki zuten, eta, oraingo %4ko deflatazioa gehituta, orotara %5,5eko deflatazioa ezarriko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, errentaren zergan. Iaz, %6,4koa izan zen KPIa. Nafarroan, berriz, %2ko deflatazioa aplikatu da. Maiatzean, Navarra Sumak %6 eta %8,5 arteko deflatazioa proposatu zuen, baina atzera bota zen.
Noiz aplikatuko da aldaketa? Irailetik aurrera aplikatuko da zerga atxikipenetan, eta, ondorioz, orduan nabarituko da aldaketa soldataren zenbatekoan.
Zenbateko kostua izango du? Deflatazioak 140 milioi euroko kostua izango du. Horri gehitu behar zaio 35.000 eurorainoko errenta dutenei kuota murrizteko kenkaria aplikatuko diela eta beste 110 milioi euroko kostua duela.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA