Deflazioa Hegoaldera hurbildu da, %0,1eko inflazio negatiboarekin

Elikagai, garraio, komunikazio eta aisialdien merkatzeak bultzatuta, martxoan prezioak duela urtebete baino txikiagoak izan diraEBZk entzungor egin dio oraingoz inflazioa handitzeko neurriak hartzeko eskaerari

Deflazioa Hegoaldera hurbildu da, %0,1eko inflazio negatiboarekin.
Iker Aranburu.
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Deflazioaren mamuaren hatsa gero eta gertuago atzeman daiteke, baita gurean ere. Orain arte Hego Euskal Herriak izkin egina zien inflazio tasa negatiboei, baina martxoak muga hori hautsi du: INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, prezioak duela urtebete baino %0,1 txikiagoak izan ziren.

Ez da lehen aldia krisian inflazioa kopuru negatiboetan zenbatzen dela, hala egon baitzen 2009 hasieran ere; baina ordukoa oso lotuta zegoen krisiaren agerraldiarekin eta erregaien bat-bateko merkatzearekin. Oraingoak sustrai sakonagoak ditu, eta, hortaz, arriskutsuagoa izan daiteke, deflazioa ekar dezakeelako, prezioen jaitsiera orokorra aldi luze baterako. Eta deflazioa eta kapitalismoa ez dira ongi konpontzen, prezioen jaitsiera jarraitu batek hazkundea ito egiten duelako, kontsumitzeko eta inbertitzeko erabakiak atzeratzen dituen heinean. Gurpil zoro bat ere ekartzen du, jarduera txikitzeak prezioak gehiago jaistea ekar dezakeelako, eta horrek, aldi berean, jarduera gehiago txikitzea.

Duela hilabete batzuk iritsi ziren inflazio tasa negatiboak Espainiara, eta, orain, Hego Euskal Herrira ere hedatu dira, Nafarroatik barrena. Izan ere, lurralde horretan Kontsumo Prezioen Indizea duela urtebete baino %0,7 txikiagoa izan da martxoan. Beste hiru lurraldeetan tasa positiboak daude, baina gero eta txikiagoak: %0,1 Araban eta Bizkaian, eta %0,2 Gipuzkoan.

Elikagaiek eragin dute neurri handi batean inflazioaren jaitsiera. Martxoan %0,9 jaitsi dira, eta tasa negatiboan sartu dira lau lurraldeetan. Garraioa, etxeko beste tresnak, komunikazioa eta aisialdia ere iaz baino merkeago daude. Garestitzen jarraitzen dute, berriz, edari alkoholdunek eta tabakoak, ostalaritzak, irakaskuntzak eta botikek.

«Arriskurik ez»

Edonola ere, inflazioa hilabete batean edo batzuetan tasa negatiboetan erortzeak ez du halabeharrez deflaziorik ekartzen. Are gehiago, horretarako «arrisku esanguratsuagorik» ez duela ziurtatu zuen atzo Fernando Jimenez Latorre Espainiako Ekonomiako Estatu idazkariak. Martxoko datu negatiboa —Espainian ere-%0,1 izan da— «aldi baterakoa» izan dela azaldu zuen, eta apirilean berriro prezioen igoera izango dela, Aste Santuak ostalaritzaren prezioak igoko dituelako. Gainera, ekonomiak bultzada hartuko duela eta horrekin inflazioak gora egingo duela iragarri zuen Jimenezek.

Berez, Espainiari —eta Hego Euskal Herriari— mesede egin diezaioke epe batean inflazio txikia izateak, krisiaren aurretik izandako prezio igoera handien erruz galdutako lehiakortasunaren zati bat berreskuratzeko balio diolako. Arazoa da eurogunean ere behetik ari dela inflazioa eta, hortaz, ezer gutxiirabazten duela alde horretatik. Euroaren eremuan prezioak urtebete lehenago baino %0,5 handiagoak baizik ez ziren izan zen martxoan, Europako Banku Zentralaren helburutik —%2ren azpitik baina hurbil— oso urrun. Inflazio txiki horrek hitz berri bat sortzera eraman du Nazioarteko Diru Funtsa: lowflation.

Aste osoa darama Christine Lagarde NDFko zuzendaria prezioen jaitsiera orokor baten arriskuez ohartarazten, eta hari aurre egiteko zerbait egiteko eskatzen EBZ Europako Banku Zentralari. Ekonomia sustatzeko eta horrekin prezioak igotzeko neurriak berehala hartzea nahi du Lagardek, baina EBZk bere erritmoa dauka, eta motela da. Joan den asteko bileran luze eta zabal jorratu zuten gaia, gero eta kezkatuago daudela onartu zuten... eta ez zuten ezer egin. Mario Draghi EBZko presidenteak azaldu zuenez, kide guztiak —Bundesbankeko Jens Weidmann belatza barne— ados daude neurri ezohikoak hartu behar badira hartuko dituztela, baina denbora gehiago hartu zuten ikusteko inflazioa bere kasara igotzen den, eta ongi neurtzeko har ditzaketen neurrien eragina —quantitative easing edo bonu erosketa handi bat—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.