Iazko urtea gazi-gozoa joan da euskal makina-erremintaren sektorearentzat, eta berretsi egin dira AFM klusterrak otsaileko Biurtekoaren harira aurreratuko joerak: txirbil harroketaren azpisektorea bizi eta sendo ibili da, eta, aldiz, deformazioaren alorra oraindik ere nozitzen ari da Mendebaldeko automobilgintzaren nahigabeak eta Txinaren lehia indartsua.
«Ziurgabetasuna izan da 2025eko ezaugarri nagusia, eta munduaren egoera politiko gero eta konplexuagoak 2026a ere markatuko du», azaldu du Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak. Horiek horrela, sektoreko fakturazioa apaldu egin da (-%3,3), 2.248 milioi euroraino.
Esportazioek, berriz, gora egin dute (+%0,82), 1.763 miloi euroraino; inoizko baliorik handiena da sektorearen historian. Esportazioetarako merkatu nagusiak AEBak, Alemania, Mexiko eta Italia izan dira.
Hala ere, argazki orokor horretan, makina-erremintaren sektoreko bi azpisektore nagusien bilakaera erabat kontrajarria izan da. Txirbil harroketan —harroketak, fresatzeko makinak, tornuak, artezteko makinak...—, salmentak %1,6 gehitu dira, eta deformazioan, aldiz, fakturazioa ia %12 jaitsi da —prentsak—.
Gauza bera gertatu da eskariekin. Harroketaren alorrak %21,5eko hazkunde ikusgarria izan du, eta horrek 2026. urte honetarako lana eta sendotasuna ziurtatu die horretan ari direnei. Aldiz, deformazioan eskariek behera egin dute.
Argazkiaren alderik argitsuenean, harroketaren sektorean joera bat nagusitzen ari da: enpresek makina gutxiago saltzen dituzte, baina egiten dituzten makinak konplexuagoak eta baliotsuagoak dira. «Hor ari gara kokatzen, bezero oso exijenteei erantzuteko gai diren errendimendu handiko ekipo konplexuetan», azaldu du Ortuetak.
Egiturazko aldaketak
Iluntasuna da nagusi, ordea, deformaziorako makinetan. Ortuetak bi arrazoi nagusi eman ditu: «2024ak eta 2025ak konplikatuak izan dira deformazioarentzat. Batetik, automozioari oso lotutako alorra da, eta Mendebaldeko automobilgintzan garai zailak dira inbertsioetarako, eta guk ekipo ondasunak egiten ditugu, inbertsio ondasunak. Eta, bestetik, Txinaren lehiaren eragina nozitzen ari gara».
Deformazioaren alorreko salmenta eta eskaeren erorialdia, neurri batean, «egiturazkoa» dela uste du AFMk, «automobilgintzaren alorra aldatu egin baita». Eta merkatu globaletara zabaldu den Txinaren lehia gero eta handiagoa hor dago, Jose Perez Berdud AFMko presidenteak azaldu duenez. «Makina-erremintaren nazioarteko merkatuan eragile funtsezko bilakatu da Txina; garapen teknologikoa dute, estatuaren laguntza, eta merkatuan balio erantsi handiarekin eta prezio lehiakorrekin ari dira».
7.950
Enplegua AFMko enpresetan. Enpleguak iaz %0,65 egin zuen gora AFMk biltzen dituen enpresetan. Gaur egun, sektoreak 7.950 enplegu zuzen ditu, eta hori halako bi inguru zeharkakoak. Langile falta ez, gazte falta dagoela dio AFMk, eta sektoreek banatu egin behar dituztela gazte horiek; makina-erremintak «tailerretan, ingeniaritzan eta bulegoetan» jakintza handiko langile kualifikatuak dituela dio klusterrak; «ondo ordaintzen duen sektore bat gara, behar bezala konpentsatzen duena lortu beharreko kualifikazio hori».
Horren aurrean, Perez Berduden aburuz, AFMko enpresek inbertitzen jarraitu behar dute, transformatzen, teknologiaren eta dibertsifikazioaren aldeko apustua egiten. «Eta, aldi berean, ezinbestekoa da administrazioen sostengu argia. Sektoreak erantzun bizkor eta koordinatua eskatzen du Europa mailan, bere industria eta kokapen globala indartzeko».
AFMko presidenteak azaldu duenez, «Europak batasun, anbizio eta lidergo handiagoa behar du, bere ontasunei uko egin gabe, jokaleku berri honetan azkar eta ausardiaz aritzeko». Ortuetak gaineratu du «denontzat baldintza berberak» nahi dituztela.
Makina-erreminta beste sektore batzuetan apustua indartuz ari da konpentsatzen automozioarekin nozitzen ari den beheraldia, eta AFMko buruek aipatu dituzte horietako batzuk: aeronautika, defentsa, trengintza, ekipo ondasunak eta energiaren azpisektore batzuk.
AEBetan, gora
Beste sektore batzuetan ez bezala, Donald Trumpen muga zergak ez dira zama AFMko enpresentzat. Ipar Amerikara egindako esportazioek gora egin zuten iaz (%4,3), eta AEBetan egindako salmentak izan dira horren erantzule, Mexikon eta Kanadan gutxiago saldu baita. Horrek ez du esan nahi gauzak aise joan direnik. Besteak beste, Ortuetak azaldu duenez, «muga zergek izugarri zaildu dute kudeaketa, eta urte guztian susto batean ibili gara. Baina AEBetan makina-erremintaren beharra dute berrindustrializazio prozesuarengatik, eta guretzat aukera handiko merkatua da».
PEREZ BERDUDEN AGURRA
AFMk ostiralean egingo du bere urteroko batzarra, Donostian, eta bostehun parte hartzailetik gora espero dira bertan. Egun horretan aukeratuko dute, gainera, Klusterreko hurrengo presidentea: Jose Perez Berdudek —Fagor Automationeko kontseilari ordezkariak— AFMko presidentearen kargua utziko du, gero ekainean makina-erremintaren Europako elkarteko presidentetza hartzeko.