Ostiralean abiatuko dute dermatosiaren kontrako txertaketa kanpaina Ipar Euskal Herrian

A64 autobidea blokeaturik dago oraino, ostiraletik geroz; Pirinio Atlantikoetako prefeta atzo arratsean egon zen blokeatze gunean, Beskoitzen. Laborariek segitzen dute behi tropa osoen hilketak gaitzesten.

Laborariak Ahurti eta BEskoitze artean, asteburuan. NAHIA GARAT
Laborariak Ahurti eta Beskoitze artean, asteburuan. NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai
2025eko abenduaren 17a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laborariak mobilizaturik daude oraino, Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan blokeatzeak antolatzen. Pirinio Atlantikoetako prefeturak gaur iragarri du ostiralean abiatuko dela dermatosi nodular kutsakorraren kontrako txertaketa kanpaina departamenduan, eta, horrela, Ipar Euskal Herrian ere. Halere, hori ez aski, laborariak bidean daude oraino ere, behi tropa osoen hilketak salatzeko. Nafarroako Gobernuak, berriz, baimena eskatu du lurraldeko 120.000 behi txertatzeko.

Blokeatzeek denetan ukan dute eragina Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, baina atzotik Behobiako mugaz bestalde ere auto metaketak eragin dituzte, muga tarteka ireki eta hesten ari direnez. Halere, ibilgailu arinek aitzina egiten dute, baina «arretaz» gidatzera deitu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik, kamioiak geldirik baitira hamar bat kilometrotako ilaran.

Ipar Euskal Herrian, bestalde, hainbat laborarik asteburua pasatu dute Beskoitze eta Ahurti artean (Lapurdi), A64 autobiderako sarrera blokeatzen. CR Coordination Rurale eta ELB sindikatuek deitua zuten blokeoa: ostiralean juntatu zirelarik, oraino baimenik ez zuten protesta egiteko, baina igandera arte egotekoa lortu zuten azkenean. Bertan daude geroztik zenbait laborari, haien traktoreek lagundurik. Lastoa eta gorotza dago bideetan.

Atzo arratsean Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta blokeo gunera hurbildu zitzaien, sindikatuetako ordezkariekin hitz egitera, beste jende guzien aitzinera. Jadanik elkartu zen ELB eta Confederation Paysannekoekin astelehenean: ELBkoen erranetan, hitz egiteko prest agertu bazen ere, erran zuen protokoloa aldatzeko erabakia Laborantza ministroari dagokiola.

Afera da laborariek espero dutela hilketa masiboen protokoloak kentzea; ez zaie onargarri kasu bakar batengatik behi guziak hil behar izatea, jakinik eta horien lanbidearen etorkizunari anitz eragiten diela halako erabaki batek.

Behiei eragiten dien eritasun berria da dermatosi nodular kutsakorra. Joan den astean bi behi topa oso hil zituzten osasun zerbitzuek, Frantziako Ariege eta Pirinio Garaien departamenduetan, kasu bana agertu zelako bi etxaldetan. Mobilizazio azkarrak izan ziren Ariegen batez ere, baina Poliziak biziki bortitz erantzun zien. Laborariak, kexu, karrikara atera ziren ostiralean, eta bideetan dira geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.