Finantzak

Deutsche Banken erorikoak dardarka jarri ditu burtsak beste egun batez

Azkenean, %8,22ko galerekin amaitu du; Europako banku nagusietan %3 eta %6 artean. Alemaniako finantza erakundearen CDS berme aseguruak izugarri handitu dira azken egunetan, eta porrotaren mamua gero eta gertuago ikusten dute merkatuek. 

Deustche Banken egoitza Frankfurten. CC
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 24a
13:17
Entzun

Deutsche Bank Alemaniako banku nagusiaren akzioen balioa %15era arte erori dira ostiral goiz honetan burtsan, eta izua Europako gainerako banku nagusietara zabaldu da: %5etik gorako galerak pilatu dituzte ordu askotan. Burtsak ixterakoan, baina, kolpea leundu dute, eta Deustche Bankek -%8,22ean amaitu du.

Europako bankuetan galera gehien izan dutenen artean Frantziako eta Espainiako batzuk azaltzen dira. Societe Generalek -%5,93 galdu du eta BNP Paribasek -%5,01. BBVAk -%4,57, Sabadellek -%4,46, Santanderrek -%3,12 eta CaixaBankek -%2,95. Euroguneko burtsek ere zenbaki gorritan amaitu dute eguna, baina -%2tik behera, egun osoan zehar gorabeherak izan ondoren.

Alemaniako bankuaren jaitsieraren atzean daude ordaindu gabeko berme aseguruen inguruko zalantzak. Aseguru horiek CDS credit default swaps izena dute (kredituetarako swap lehenetsiak). Bankuek porrot eginez gero inbertitzaileek kontratatzen dituzten poliza modu bat dira, eta Deutsche Bankenak 400 puntutik gora daude. Hau da, 100 milioi euroko zorra ziurtatzeko, lau milioitik gorako prima ordaindu beharko luke bankuak. Horrek esan nahi du merkatuek gero eta posibleago ikusten dutela porrota gertatzea.

Konfiantza sortzeko, Deutsche Bankek ostiral honetan iragarri du tasa finkoko zorretan 1.500 milioi euro aldez aurretik amortizatzeko asmoa duela, baina hori ez da aski izan inbertitzaileen beldurra uxatzeko.

Alemaniako bankuak inbertsio handiak ditu kanpo zorretan eta arrisku handiko inbertsio funtsetan. EBZ Europako Banku Zentralak eta AEBetako Erreserba Federalak interes tasak igotzeko berriki hartu dituzten erabakiek ez dute lagundu, bezeroei itzuli beharreko diru handitu egin delako, eta urduritasuna zabaldu da merkatuetan.

Hala, Deutsche Bankek finantzan sisteman azken asteetan piztutako ekaitza hauspotu du. AEBetako Silicon Valley Bank eta Signature Bank erori ziren lehenengo eta aurreko astean Suitzako banku zentralak Credit Suisse erreskatatu behar izan zuen.

2022a urte ona izan zen Deutsche Bankentzat: 5.000 milioi euro baino gehiago irabazi zituen, azken hamabost urtetako emaitzarik onena. Hala ere, aspalditik dago jopuntuan; azken urteetan, besteak beste, isunak jaso ditu hipoteka indizeak manipulatzeagatik, kapitalak zuritzeko eragiketetan parte hartzeagatik, 1MDB Malaysiako funtsaren eskandalugatik edo dibisen merkatuan eroskeria egiteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.