Albistea entzun

Bankuak

UBS bankuak hondoak jotako Credit Suisse erosi du 3.000 milioi euroan

Suitzako Gobernuak 9.000 milioi euro eman dizkio erreskatea bere gain har dezan. Credit Suissen akzioak %64 jaitsi dira, eta USBk kaleratzeak iragarri ditu.

Suitzako Federazioko presidente Alain Berset, bostekoa ematen Thomas J. Jordan Suitzako Banku Nazionaleko buruari, Finantza ministro Karin Keller-Sutter atzean dutela. Atzo, akordioaren bei emateko Bernan eginiko prentsaurrekoan.
Suitzako Federazioko presidente Alain Berset, bostekoa ematen Thomas J. Jordan Suitzako Banku Nazionaleko buruari, Finantza ministro Karin Keller-Sutter atzean dutela. Atzo, akordioaren bei emateko Bernan eginiko prentsaurrekoan. PETER KLAUNZER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren-Imanol Magro Eizmendi -

2023ko martxoak 20 13:04

In extremis, baina garaiz. Beldurra zegoen gaur, Suitzan, eta Europa osoan, burtsak zabaldu eta Credit Suisse bankua are gehiago hondoratuko ote zen. Asteburu osoan, jo eta ke aritu dira Suitzako agintariak eta hango bankuetako arduradunak konponbide bat bilatzeko, astea hasi aurretik. Igande iluntzean aurkitu zuten arnasbidea: UBS Suitzako bankuak Credit Suisse erostea adostu zuen, 3.000 milioi euroan. Suitzako Gobernuaren babesarekin egin dute operazioa.

Bizkarrekoa izango da akziodunentzat, bankua joan zen ostiralean 8.000 milioi euroan baloratuta baitzegoen, baina hondoa jotzear zegoen. Kolpearen zenbatekoa gaur goizean neurtu da, Zuricheko (Suitza) burtsaren irekieran. Credit Suisseren akzioen balioa %64 jaitsiak ziren, eta 0,67 frankotan zeuden salgai (0,68 euro) —ostiralean 1,76 frankotan zeuden (1,77 euro)—. UBSk 0,76tan (0,77 euro) erosi zituen igandean, eta hala ere jaisten jarraitu dute. USBren akzioek ere nabaritu dute erabakiaren ondorioa: -%13.

«Konponbide bat topatu dugu egonkortasuna ziurtatzeko, eta Suitzako ekonomia babesteko salbuespen egoera honetan», esan du Suitzako Banku Zentralak, ohar baten bitartez. Sistemak arnasa hartu du, banku batek bestea erreskatatuko duelako, baina Ralph Hamess USBko kontseilari delegatuak jakinarazi du doiketak egin beharko dituela Credit Suisseko lantaldean. Alegia, kaleratzeak datozela, baina ez du zehaztu zenbat. Hamesek nabarmendu du bi bankuren arteko fusioa gertatzen denean beti bilatzen direla «sinergiak». Credit Suissek egun 50.000 langile ditu.

Prentsaurrekoa eman zuen atzo Suitzako gobernuburu Alain Bersetek. Esan zuenez, ostiralean ikusi zuten Credit Suissenganako konfiantza berreskuratzerik ez zegoela, eta konponbide bakarra UBSk hura erostea zela. «Erantzukizuna» aipatu zuen Bersetek neurria hartzeko arrazoi gisa, «Credit Suisse kontrolik gabe hondoratzeak ondorioa kalkulaezinak eragingo lituzke nazioarteko finantza sisteman».

Baina zein rol izan du Suitzako Gobernuak? Hasteko, artekari eta suhiltzaile lanak egin ditu, eta ondoren kutxa ireki du USBri bermea emateko. 9.000 milioi euro emango dizkio USBri Credit Suissen arrisku poltsa batzuek eragin diezazkioketen galerak eragozteko. Halaber, Suitzako Banku Nazionalak 100.000 milioi euroko likidezia lerroa jarriko du eroslearen esku. Pozez hartu du erabakia Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak, eta euroguneko banku sistema «sendo» dagoela adierazi du.

Tentsioak burtsetan

Credit Suisseren krisiak Suitzako bankuetan izan du eragin handiena, baina handik kanpo, Europako beste herrialdeetan ere egun beltza izaten ari da finantza erakundeentzat. Frantzian, esaterako, Societe Generale eta BNP Paribas bankuen akzioen balioak %6,9 eta %6,4 egin du behera, hurrenez hurren. ING Herbehereetako bankua %5,66ko jaitsierarekin esnatu da, eta UniCredit eta Intesa Sanpaolo Italiakoak ere bestondo gogorra izan dute: %4,97 eta %3,31 hurrenez hurren.

Alemanian kolpea handiagoa izan da, Deutsche Bankek %10eko galera izan du egunaren hasieran eta Commerzbankek %8koa. Irekiera datuak dira horiek, orduak pasatu ahala akzioen balioa igoz joan da. Goizean, Munduko Banku Zentralik handienek elkarren arteko diru trukeak erraztuko dituztela jakinarazi dute, eta giroa lasaitu du. Burtsen itxierara itxaron beharko da egun beltz bat baino gehiago izan den jakiteko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bizkaiko ostalaritzakoa da berritu gabe dagoen itunetako bat. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Soldatak %4 ari dira igotzen batez beste aurten EAEn

Iker Aranburu

Urtea hasi denetik 283 hitzarmen berritu direnez, bikoiztu egin da itun berritua dutenen kopurua.

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak Lakuako eraikinean sartzen. ©Raul Bogajo / Foku

Langile publikoen soldatak %0,5eraino igoko dira urrian

Iker Aranburu

Urte amaieran beste emendatze bat izan dezakete, baldin eta Espainiako BPGak %2,1eko hazkundea gainditzen badu.

Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa eta Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa, eurotaldearen bilera baten hasieran, irailean, Santiagon (Galizia). ©XOAN REY / EFE

Kaxoitik atera dira guraizeak

Iker Aranburu

Frantziako eta Espainiako gobernuek kendu egingo dituzte inflazioari aurre egiteko indarrean jarritako laguntza gehienak, defizitaren aurkako borrokari berriro heltzeko

Gasolindegi bateko langile bat, erregaien prezioak aldatzen ©Sergio Orduñez( Efe)

Inflazioak gora egin du irailean, energiak garestitu izanaren ondorioz

Jokin Sagarzazu

Espainian bederatzi hamarren igo da, %3,5eraino. Hego Euskal Herriko datua hilaren erdialdean emango du INEk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...