Diru politika

AEBetako Erreserba Federalak interes tasak igo ditu, baina tentuz

Beste 0,20 puntu handitu ditu, otsailean bezala, baina hil hasieran iradokitakoaren azpitik. Esan du finantza sektoreko gorabeherei adi begiratuko diola

Jerome Powell Fed-eko presidentea. SHAWN THEW (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 22a
21:28
Entzun

Interes tasen igoerari eutsi dio AEBetako Erreserba Federalak (Fed), baina azeleragailua zanpatu gabe, finantzen sektorean azkenengo bi asteetan hedatu den izuagatik. «Litekeena da azkenaldiko gertakariek kreditu baldintza zorrotzagoak ezartzea etxeentzat eta enpresentzat, eta horrek jarduera ekonomikoan, kontratazioan eta inflazioan eragina izatea. Ondorio horien eragina zalantzazkoa da», ohartarazi du asteazken honetan Jerome Powell presidenteak. Erreserba federaleko kideek aho batez onartu dute 0,25 puntu igotzea interes tasak, otsailean bezala, baina hil hasieran iradoki zutenaren azpitik. AEBetako tasa ofiziala %4,75 eta %5 artean dago orain.

Silicon Valley Bank hondoratu aurretik, Fed-en asmoa zen igoera handiagoa egitea. Hala adierazi zuen hil hasieran Powellek, Kongresuan eginiko agerraldian. Azken zazpi hilabeteetan AEBetan inflazioak behera egin duen arren, %6 inguruan jarraitzen zuen otsailean, %2ko helburuaren oso gainetik oraindik. Eta azpiko inflazioa %5,5ekoa da. Horri aurre egiteko, analistek aurreikusten zuten Fed-ek interes tasak 0,50 edo 0,75 puntu igoko zituela orain. Baina azken egunetako gertakariak direla-eta berrikusi behar izan dituzte, eta igoko ez zituela zioten ahotsak ere ugaritu dira.

Fedek ez du halakorik egin, baina erritmoa moteldu du. Gogoratu behar da aurretik, 0,75 puntuko lau igoera egin zituela jarraian, eta 0,50eko bat ondoren, eta interes tasak mailarik handienean daudela 2007. urtetik.

Galga sakatu duen arren, AEBetako erreserbak urteko aurreikuspenei eutsi die, eta interes tasak %5 eta %5,25 artean mantendu ditu urte amaierarako, 2024rako 0,75 puntu jatsi ditu eta 2025erako beste 1,25 puntu. Ekonomiaren hazkunde datua hamarren bat apaldu du abenduan egindakoarekin alderatuta, eta %0,4an kokatu du. Eta inflazioa jaitsiz joatea aurreikusten du, %3,6raino.

Lagarde: bai eta ez

EBZ Europako Banku Zentralak, berriz, ez du argitu zein bide hartuko duen. Christine Lagarde presidenteak berretsi du hori inflazioaren bilakaeraren arabera izango dela: %8,5 zen otsailean. Nahiz eta Alemania eta beste herrialde batzuk igoerekin jarraitzeko presioa egiten ari diren, Lagardek ez du busti nahi izan, eta atea irekita utzi du edozein aukeratarako. «Ez dugu igotzeko konpromisorik, baina inflazioari aurre egiteko lanak ez ditugu amaitu», adierazi du asteazken honetan finantzetan adituekin egindako bilera batean.

Silicon Valley Bank eta Credit Suisseren hondoratzeek azken egunetan eragindako zurrunbiloari buruz, EBZko buruak aurreko astean esandakoak berretsi ditu: «Ez dago zertan aukera egin inflazioa borrokatzearen eta finantza egonkortasuna lortzearen artean». Eta finantza sistemaren inguruan, «lasaitasun mezua» bidali du, Powellek bezala. Azpimarratu du Credit Suissekiko euroguneko bankuen esposizioa «mugatua» dela, eta halako egoerei aurre egiteko «kapital sendo eta likidezia maila handiak» dituztela, 2008an baino askoz ere sendoago daudela. Kezkatuago agertu da inflazioarekin, eta bereziki azpiko inflazioarekin.

Aurreko astean EBZk interes tasak puntu erdi igotzea erabaki zuen, %3tik %3,5era. Lagardek azpimarratu du azken aldiko igoeren eraginak nabaritzen hasi direla ekonomian. Dena den, inflazioa oraindik handia dela ohartarazi du, eta EBZk azpiko inflazioa jaisteko joeraren froga argirik ez duela ikusten. «Oraindik bidea dugu egiteko, eta garrantzitsua da irmo jokatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.