Diru bakarra sortu zenetik, lehen aldiz behera egin du euroguneko ekonomiak

Bigarren hiruhileko atzeraldiak ez du eragotziko Europako Banku Zentralak interes tasak %4,25ean uztea

Iker Aranburu.
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Duela hamar urte sortu zenetik izan den egoera ekonomiko txarrenean bilduko da gaur Europako Banku Zentraleko gobernadoreen kontseilua. Inflazioak azken hamarkadetako mailarik altuenean jarraitzen du -%3,8 joan den abuztuan-, eta lehen aldiz euroa sortu zenetik -datorren urtarrilean hamar urte-, diru hori erabiltzen duten herrialdeetako ekonomiak txikitu egin ziren, %0,2 apiriletik ekainera doan hiruhilekoan.

Ekonomiaren egoerari buruz abuztuaren 14an aurreratutakosusmo txarrenak berretsi zituen atzo Eurostatek. Estatistika erakundearen arabera, Europako Batasuneko Barne Produktu Gordina (BPG) %0,1 txikitu zen urteko bigarren hiruhilekoan. Euroaren eremuko 15 herrialdeetakoak, berriz, %0,2 egin zuen atzera. Urteko lehen hiruhilekoan %0,7 hazi zen EB eta %0,6 euroaren eremua.

Azken 12 hilabeteei begiratuz gero, ordea, datuek hazkunde apala erakusten dute: %1,6 hazi dira EBko 27 estatuak eta %1,4 euroguneko 15ak.

Amelia Torres Europako Batzordeko bozeramailearen arabera, inbertsioaren beherakadari(-%1,2 eurogunean) eta familien kontsumoaren jaitsierari (-%0,2)zor zaie atzeraldia. Datu txarrari garrantzia kentzen saiatu zen Torres, eta gogoratu zuen urteko lehen hiruhilekoan ekonomia oso indartsu azaldu zela, negu epelak eraikuntzari bultzada eman ziolako. Orduko hazkundea «ordaindu» egin du orain Europako ekonomiak.

Ohikoa denez, herrialdeen artean alde handiak daude. Hiruhileko txarra izan dute mendebaldeko ekonomia handiek (-%0,5 Alemaniak, -%0,3 Frantziak eta Italiak, %0,0 Erresuma Batuak eta %0,1 Espainiak), aurreko sei hilabeteetako atzeralditik atera da Danimarka (%0,6) eta sendo daude Europa erdialdeko eta ekialdeko ekonomiak: %1,9 hazi da Eslovakia, %1,5 Polonia, %0,9 Txekiar Errepublika eta Lituania eta %0,8 Grezia.

Interes tasak gaur

Hazkundea bultzatzeko neurrien artean dago interes tasak jaistea, kontsumoa eta inbertsioa sustatzeko. Hala ere, herritarrek, enpresek eta gobernuek halakorik ez dute espero behar EBZren gaurko bileratik, zantzu guztien arabera banku zentralak bere hartan utziko dituelako, %4,25ean. Hazkundeari baino gehiago inflazioari begiratzen dio EBZk, eta abuztuan bi hamarren jaitsi arren -%4tik %3,8ra- %2ko helburutik oso urrun dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.