Duela gutxi,Ben Bernankeri galdetu zioten Fed Erreserba Federalaren ehun urteko historian zein izan den hutsik handiena. Bernankek ez zuen zalantzarik izan: «Depresio Handia». Krisi sakon hartan Fedek «ekarpen handia» egin zuela iritzi dio Bernankek, «motel» ibili zelako eta deflazioan erortzea eragotzi ez zuelako. Azalpen hori baliagarria da herenegun gertatutakoa ulertzeko. Fedek, bigarren aldiz, 600.000 milioi dolar gehiago jaulkiko ditu sisteman AEBetako altxor bonuak eskuratuta gehi beste 300.000 milioi eskuratzeko aukerarekin -quantitative easing sistemaren bidez-. Hau da, edozer egiteko prest dago AEBak atzeraldi sakon batean ez erortzeko.
Erreserba Federalari diru politikaren magia amaitu zaiola ematen du. Izan ere, orain arte diru politikaren makineria osoa erabili du, interes tasak %0,15era jaitsi ditu, 1,7 bilioi dolar jaulki ditu sisteman, eta, halaere, enplegurik ez da sortzen, %9,6ko langabezi tasa dago eta deflazioaren mamua kolko gainean du. AEBetako kontsumo ahalguztidunak ez du gehiagorako ematen, eta, hortaz, ezin du AEBetako zein munduko ekonomiatik tira egin.
Egoera oso konplexua da, eta alde batera zein bestera, arriskuz betea. Arazoetako bat da sendiek zein enpresa txiki eta ertainek finantzaketarako sarbidea mugatuta dutela, eta luzerako interes tasak jaitsita, kredituaren ateak ireki nahi dizkie Fedek. Haatik, sendi eta enpresak 24 bilioi dolarreko zorra dute, eta logikak dio zorra gutxitzea eta aurreztea komeni zaiela. Egin al daiteke halakorik urte luzeko krisia saihestu gabe? Nekez.
Hortaz, aurreranzko ihesa da Fedena. Erabakiak badu beste dimentsio bat. Beste 600.000 milioi dolar jaulkita, Fedek Txina yuanaren truke tasa igoaraztera behartu nahi du, esportazioek AEBetako ekonomia erreskatatuko duten itxaropenez. Txina ez dago horrelako pauso bat bat-batean emateko prest, pixkana baizik, eta bi superpotentzien lehia mehatxua da munduarentzat.
Eta Europa? Maiatzean euroaren sinesgarritasuna kolokan jarri zenean esku hartu zuen bezala, orain euroaren trukea gehiegi igotzea zaindu egin beharko luke. Euro garestiegiak susperraldiaren arrasto oro eraman dezake berekin.
DIRU POLITIKA. Diru politikaren magia amaitu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu