Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur onartuko du diru sarrerak bermatzeko laguntza arautzen duen dekretua, aldaketa batzuekin. Garrantzitsuena, laguntza bateragarria izango dela soldata baxuko enpleguekin. Hasierako zirriborroa udaletako gizarte zerbitzuetako teknikari eta arduradunen eta gizarte langileen eskola ofizialaren ekarpenekin osatu du Diputazioak, hobetzeko. Laguntza berria uztailaren 1ean sartuko da indarrean.
Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortuta —gutxieneko erroldatze aldia urtebetetik hirura igo zuen—, Lanbidek inolako diru sarrerarik gabe utzi dituen gipuzkoarrei laguntzera dator laguntza berria. Baina ez da horretara mugatuko, laguntza jasotzen dutenak lan mundura bultzatzeko pizgarriak ere jasoko baititu dekretuak. Horietako bat da lana eta laguntza aldi batez bateragarri izateko aukera.
Gisa horretara langile pobreak egotea saihestu nahi dutela azaldu zuen atzo Ander Rodriguez Gizarte Gaietako diputatuak atzo, Batzar Nagusietan egindako agerraldian. «Badaudelako legezko kontratupean jardun arren, pobrezia mugaz azpiko soldatak dituzten herritarrak». Horrela, laguntza jasotzen duten herritarrek soldata baxuko lan bat egin ahal izango dute, edo soldata baxuko lan bat dutenek laguntzaren zati bat jaso ahal izango dute, betiere urtean 11.170 euroko diru sarreren muga gainditzen ez badute.
Gainera, Diputazioaren laguntza jasotzen dutenak ez dira behartuta egongo edozein lan eskaintza onartzera. Laguntza jasotzen duen batek eskaintzaren bati ezetz esango balio, dagokion udalerriko gizarte langileek eskaintza eta familia horren egoera aztertuko lituzkete, ezezko hori onargarria den ala ez ebazteko. Azkenik, bateragarriak izan daitezke harrera zentro batean egotea eta laguntza jasotzea ere.
Inbertsio handia
EAJk adierazi du ez dagoela laguntzaren kontra, baina uste du Diputazioak zuzenean kudeatu behar lukeela eta ez udaletako gizarte zerbitzuek. PSOEk dekretua tramitatzeko modua kritikatu eta udalak kontuan ez hartzea egotzi dio Bilduren gobernuari.Hori bai, udalak laguntza berria kudeatzeko nahikoa baliabidez hornitzeko eskatu dio Diputazioari. PPk, aldiz, dekretua kritikatu egin du, Gipuzkoan bakarrik ezarrita gainontzeko herrialdeekiko desberdintasunak sortuko dituelako. Aralarrek, ostera, erabat babestu du dekretua eta haren edukia.
Laguntza 600 eta 900 euro artekoa izango da, familia unitatea osatzen duten kide kopuruaren arabera; lanbide arteko gutxieneko soldataren —641,4 euroko 14 ordainketa— %80 eta %120 artekoa, beraz. Lagun bakarreko familiak hilean 598,64 euro jasoko ditu —gutxieneko soldataren %80—; bi lagunekoak, 748,3 euro —gutxieneko soldata adina—; hiru lagunekoak, 860,55 euro —gutxieneko soldataren %115—; eta lau lagunetik gorakoak, 897,96 euro —gutxieneko soldataren %120—.
Laguntza berri hori indarrean jartzeak kostu handia eragingo dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aurten, abendua bitarte, 1,4 milioi euro inbertitu beharko ditu 479 herritarri laguntzeko; datorren urtean bost milioi pasatxo 1.259 herritarri laguntzeko; eta bi urte barru 8,3 milioi euro 1.754 laguni laguntzeko. Rodriguezen esanetan, aurten diputazioak ez du aparteko arazorik izango gastu horri aurre egiteko, baina datozen urteetan beste inbertsio batzuk baztertu beharko ditu gizarte laguntza berria finantzatzeko.
Diru sarrerak bermatzeko laguntza bateragarria izango da soldata baxuko lanekin
Laguntza eta lana bateratu ahal izango dituzte 11.170 eurotik beherako diru sarrerak dituzten gipuzkoarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu