Divipa enpresak Derion (Bizkaia) duen lantokia itxi nahi dute. Hala salatu du ELA sindikatuak, eta enpresaren jabea den Fedrigoni talde multinazionalak jarduera «deslokalizatu» nahi duela jakinarazi du. Horiek horrela, kolokan daude 56 lagunen lanpostuak. Material autoitsaskorrak egiten ditu Divipak.
Nazioarteko inbertitzailearen erabakiaren berri eman du sindikatuak ohar bidez; eta horren bidez gaitzetsi du erabakia: «ELAk uste du legez kanpoko erabakia dela eta deitoratu du Bizkaiko industria sarearen parte den lantegi baten galera litzatekeela». Hori dela eta, mobilizazioak iragarri dituzte erabakiaren aurka egiteko.