Dolarizazioaren promesa

Ehundik gorako inflazioa dutenez Argentinan, pesoa balioa galtzen ari da egunez egun, eta erosahalmena apaltzen ari da. Mileik irtenbide drastikoa du: dolarra izatea herrialdeko dirua.

Truke etxe bat Buenos Airesen, 2022ko uztailean hartutako irudian. MATÍAS MARTÍN CAMPAYA / EFE.
Irune Lasa.
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Motozerraren murrizketekin batera, dolarizazioa da Javier Mileiren proposamen nagusia hauteskundeotan. Hori da, Mileiren arabera, inflazioari aurre egiteko modua.

Carlos Menemen garaiei begira, antzeman daitezke dolarizazioak Argentinara ekar dezakeenaren zantzu batzuk. 1989. urtean iritsi zen Menem Argentinako presidentetzara, eta ez zuen lan samurra aurrean, krisi sakonean baitzegoen herrialdea, inflazioa milatik gorakoa zela.

1991ko apirilean ezarri zen konbertibilitate plana, pesoaren truke ofiziala legez dolar batean finkatuz, eta ezarriz nazioarteko erreserbak izango zirela oinarri monetarioaren sostengua. Horrela diziplina fiskala behartzen zuen, Banku Zentralak ezin zuelako dirurik inprimatu.

Neurriak egonkortasuna eman zion Argentinako ekonomiari hamar urtez, betiere esportazioetatik zetozen dolarrak lagun. Brasilgo errealaren debaluazioak aurrena eta lehengaien prezioen amiltzeak ondoren gauzak aldrebestu zituzten arte.

Esportazioen iturriko dolar emaria mehetu egin zen, eta2001. urtean, herrialdea sekulako krisian amildu zen. 1999tik 2001. urtera, Argentinako barne produktu gordina %8 murriztu zen. 2002an itxi zen konbertibilitate plana, eta utzi zion pesoak dolarrari lotuta egoteari.

Mileirentzat eta haren jarraitzaileentzat garrantzitsua da azpimarratzea konbertibilitatea eta dolarizazioa ez direla gauza bera. Haien ustez, Argentinak erabat utzi beharko luke pesoa, hura izateak herrialdeari zabalik uzten diolako beti zorroztasun fiskala saihesteko aukera bat. Hori izan zen, uste horren arabera, konbertibilitate planaren porrotaren oinarrian.

Baina nola ukatu diruaren gaineko erabakigunea Argentinatik kanpora uzteak ekarriko lituzkeen arriskuak? Nolanahi ere, zerk ziurtatuko luke Argentinak, aldaketa politiko baten ostean, atzera pesoa ez lukeela berreskuratuko?

Dena den, dolarizazio posible batek ezer behar badu, dolarrak behar ditu, eta zalantzak hor daude: ekonomia argentinarra gai ote den dolar nahikoa sortzeko, adibidez esportazioak erortzen badira. Konbertibilitatearen garaian, adibidez, ez zen gai izan. Eta gaur egun, esaterako, dolarrik ez eta dolarretan ordaindu beharreko kanpo zorra dauka herrialdeak.

Dena den, bidean beste oztopo bat izan lezake Milei presidente aukeratuko balute: Kongresuko zenbakiak. Haren aldeko aurreikuspen optimistenen arabera, Askatasuna Aurrera Doa alderdiak 40 aulki inguru lortuko ditu hauteskundeotan behe ganbarako 257 aulkietatik —haien erdiak hautatuko dituzte hauteskunde hauetan—.

Elkarrekin Aldaketaren Alde alderdiko Patricia Bullrich dolarizazioaren kontra agertu da, baina, aldiz, defenditu du moneta sistema bikoitza, non bi diru onartuko liratekeen kontratuetan: pesoa eta dolarra. «Gaur egun existitzen den gauza bera litzateke, baina legezko bihurtuta», argitu du Carlos Melconianek, Bullrichen Ekonomia ministro izan daitekeenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.