Donostiako Gros auzoko hainbat bizilagunen etorkizuna arriskuan jarri zuen berriak laster izan ditzake lehen ondorioak. Azora inbertsio funtsak 321 etxe erosi zizkion Vascongada higiezinen agentziari, eta abenduan eta urtarrilean kontratua amaitu zitzaien lau familiari gutun bat igorri die jada, esanez kontratuak «behin betiko» bukatu direla.
Bizilagunen bozeramaile lanak egiten ari den Iñaki Setienen arabera, ordea, guztiak ari dira «kalean geratzeko zorian daudenen ezinegon bera pairatzen» —BERRIAk Setienen testigantza jaso zuen otsailaren 16an argitaratutako erreportajean— Azorak ez die «prezioak mantenduko dituen bermerik» ematen bizilagunei, eta hori da gaur goizeko prentsaurrekoan egin duten eskari nagusia: kontratuak amaitu zaizkien edo amaitzear dituzten maizterrei kontratuak berritzea eta prezioak izoztea, KPI kontsumo prezioaren indizeari egokituta. Oraingoz, inbertsio funtsa ez da harremanetan jarri gutuna jaso duten familiekin.
Bizilagunek «konponbide kolektibo bat» eman nahi diote auziari: «Kontratuak egonkorrak izatea nahi dugu, zazpi urtekoak, alokairuaren legeak dioen moduan». Beldur nagusia da funtsak nabarmen igotzea alokairuen prezioak, «Madrilen eta Katalunian bezala, non %70 eta %100 artean handitu dituzten prezioak». Setienen arabera, lehen Vascongada agentziak kudeatzen zituen alokairuek 600 eta 900 euro arteko prezioa dute.
Kaleratzeak Stopeko Rosa Garciak, berriz, arazo jakin horretatik harago jo du, eta «alokairuaren prezioa mugatzeko neurriak» eskatu dizkie agintariei. «Etxebizitza eskubide bat da, ez negozio bat» zioten oihuen artean egin ditu adierazpenok.
Bilera Goiarekin
Groseko auzokideek Eneko Goia Donostiako alkateari azalduko dizkiote eskari horiek, ostiralean. Setienen iritziz, «eskertzekoa da» Goia haiekin biltzea: «Espero dut babestu egingo gaituela putre funtsen aurrean».
Goiari ere galdetu diote aferaz gaur. Esan duenez, bizilagunek eskatu dute bilera, eta hara joatea onartu du, «proposatzen dutena entzuteko».