LAN GATAZKA

Donostiako parkingetako langileek greba mugagabera joko dute baldintzak hobetu ezean

Soldata igoerak eskatzeaz gain, langile gehiago kontratatzeko eskaria egin diote Empark enpresari. Geldialdiak hasi dituzte.

Parkinetako langileek agerraldia egin dute goizean Donostiako Udaletxearen atarian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 11
18:17
Entzun

2008. urtean hasi zen langileen eta aparkalekuak kudeatzen dituen Empark enpresaren arteko gatazka. Donostiako Okendo, Katalunia plaza, Kontxa eta Atotxako lurpeko aparkalekuetako langileen baldintzak okertu izana leporatu diote enpresari. Hori dela eta, langileak geldialdiak egiten hasi ziren joan den igandean, eta abuztuaren 14an, 21ean eta 28an ere etenaldiak egingo dituzte. Gainera, egoerak hobera egin ezean, irailean greba mugagabera joko dute, iragarri dutenez.

Mikel del Valle LAB sindikatuko kideak eta Bittor Blazquez Empark enpresako LABeko ordezkariak aparkalekuetako langileen baldintza kaskarrak salatu dituzte, eta hainbat eskaera egin dizkiote enpresari. Batetik, soldatak igotzeko eskatu diote. Gehienen soldatak ez dira iristen 1.000 eurora, eta beharginek 1.300 eurokoa nahi dute.

Bestetik, lan baldintzak hobetzeko exijitu dute, eta azaldu dute langile gehiago kontratatu behar direla arazo hori konpontzeko. LABekoek ohartarazi dute Donostiako Udalak ere erantzukizuna duela . Izan ere, parkingen kudeaketa Emparkek daraman arren, udalarenak dira lau aparkalekuak, eta, langileen hitzetan, udalak badaki bertako baldintzak ez direla egokiak. Gaur-gaurkoz, hamasei lagun ari dira lanean lau aparkaleku horietan: sei, autoak aparkatzen; zazpi, haiei laguntzen; eta beste hiru, behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.