EAEko BPGa %2 baino gehiago igo da, krisia hasi zenetik lehen aldiz

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, urte hasieran %0,6 handitu da barne produktu gordina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.Urte batetik bestera 12.000 lanpostu garbi sortu ditu ekonomiak

Ivan Santamaria.
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2,2 handitu da aurtengo urtarriletik martxora. Urte arteko tasan,EAEko ekonomiak izan duen emaitzarik onena da 2008. urteko lehen hiruhilekotik. Kopuru esanguratsua ere bada, %2ren bueltan paratzen dutelako ekonomialari askok muga teorikoa ekonomia batek lanpostu garbien sorrera aipagarria izaten hasteko.

Urteko lehen hiruhilekoari dagozkion kontu ekonomikoen aurrerapena argitaratu zuen atzo Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek. Hiruhileko batetik besterako hazkundea %0,6 izan da. Positiboa, baina aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat txikiagoa. Halaber, Nafarroako hazkundearen emaitza aurreratua gaur kaleratuko du herrialdeko estatistika zerbitzuak.

Kontu ekonomikoen xehetasunak datorren maiatzaren 27an jakinaraziko ditu Eustatek. Hala ere, hazkundea bultzatu duten arrazoietako batzuk argitu ditu honezkero. Eskaintzaren ikuspuntutik, zerbitzuen sektoreak gidatu du hazkundea. Aldiz, industriaren ekarpena apaldu egin da urteko lehen txanpan. Eraikuntzak kopuru negatiboetan segitzen du, baina erorketaren erritmoa jaitsi da.

Kontu ekonomikoetan enpleguak izan duen bilakaerari buruzko emaitza nagusiak ere jakinarazi ditu Eustatek. Urte batetik bestera, %1,4 handitu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak duen lanpostu kopurua. Zenbaki biribiletan, horrek esan nahi du 12.000 lanpostu inguru sortu direla urte batetik bestera.

2014. urteko azken hiruhilekoarekin alderatuz, berriz, enplegua %0,3 handitu da urtarriletik martxora. Gutxi gora behera, 2.600 lanpostu gehiago dira. Aurreko hiruhilekoan baino enplegu sorrera txikiagoa da; bi hamarren gutxiago, hain zuzen ere. Kontu ekonomikoek lanaldi osoko lanpostuetan neurtzen dute ekonomia, aldi baterako lanen eta partzialen efektua zuzentzeko.

110.000 lanpostu gutxiago

Hazkunde tasan, krisiaren aurretik zuen egoerara itzultzen ari da, apurka, ekonomia. Hala ere, azken urteotan igarotako bi atzeraldiek utzi dute euren arrastoa. Enpleguan, esaterako, 2008. urteko lehen hiruhilekoan baino 110.000 lanpostu gutxiago dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak.

Urte hasierako datuak Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak bete ditu. Joan den martxoaren 30ean, urte osorako koadroa eguneratzea eta aurreikuspenak igotzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Aurten, batez beste, EAEko barne produktu gordina %2,3 handituko dela espero du, aurreko urtean izandako %1,2ren ia halako bi.

Azken zazpi urteetako aurreikuspen baikorrenak dira. Urte arteko tasan, behintzat, bete dira urteko lehen hiruhilekoan, enplegu sorrera hamarren bat txikiagoa izan bada ere. Urte batetik bestera 14.000 lanpostu sortzeko helburua jasotzen dute azken aurreikuspenek.

Nafarroako Gobernuak ere bere aurreikuspen ekonomikoak hobetzea erabaki zuen joan den martxoan. Batez beste, herrialdeko barne produktu gordina %2,6 handitzea espero du, aurretik espero zuena baino sei hamarren gehiago.

Euroguneak aurten %1,3 haztea espero du, baina datorren astean aurreikuspena eguneratuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.